Oinarrizko Lanbide Heziketak atari berria du

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 6a, 12:38

Aurrematrikulazio epea zabalik dago astelehenaz geroztik bi astez ekainaren 15era arte, 15-17 urte arteko gazteei edota DBH graduatua ez dutenei zuzendua egon eta Atallun kokatua dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketan. Udal institutura bertara hurbilduta soilik ez, aurten estreinakoz, martxan jarri berri duten olh.usurbil.eus  web orri berritik ere bidera daiteke aurreinskripzioa.

Atari honetan sartuta, hobekiago ezagutu daiteke 1991. urteaz geroztik Usurbilgo Udalak eginiko apustua. Eraldaketa argia izan baitu. Baina 2015an eman zen aldaketa kualitatibo nagusia. "Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren barruan integratu da. Hori horrela, Lanbide Heziketa 3 zikloetan banatzen da:

1.- Oinarrizko Lanbide Heziketa (2 ikasturte 2000 ordu)

Sarrera zuzena

2.- Erdi mailako Lanbide Heziketa (2 ikasturte 2000 ordu)

3.- Goi mailako Lanbide Heziketa (2 ikasturte 2000 ordu)

Ikasketetatik haratagoko zerbitzua

Ile-apainketa eta estetikan eta sukaldaritza zein jatetxe arloetan, oinarrizko lanbide titulua eskuratzeko aukera eskaintzen du Usurbilgo Oinarrizko Lanbide Heziketak. Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua (lan munduratzea errazten dien profesionaltasun-ziurtagiria) eta DBHko graduatua lortzeko aukera, baita erdi mailako zikloetara sarbide zuzena ere.

Bertan ikasten ari diren gazteei talde txikietan lan egin eta elkar ezagutzeko leku atsegin bat eskaintzen zaie. "Ikasleen atentzio-indibidualizatua ziurtatua dago. Ikasle bakoitzari helburu pertsonalak jarri, jarraipena egin eta ebaluatzen zaie", diote web orrialde berrian.

Bertara ikastera doazen gazteen aldeko apustua egiten dute, gazteak ahalduntzeko lanean dihardute. "Gertutasuna adierazten saiatzen gara. Konfiantza boto bat ematen diegu. Gaztearengan sinistu. Pertsona bezala, gaitasunak-ahalbideak dituela adierazi eta ekintzen bitartez beraiengan konfiantza dugula transmititzen diegu. Gazte bakoitzaren ahalbide eta gaitasun positiboak azaleratu eta berak nahi ezkero edozer lortu dezakeela azaltzen diegu", nabarmentzen dute. 

Gazte bakoitza programako partaide izaten sentiarazten dira, eskola bizitzako parte hartzea sustatuz, eskolako ardura batzuk haien gain utziz. Senideekin harreman estua izaten da. 

Informazio gehiago: olh.usurbil.eus / Zanpiura 3, Atallu / 943 36 04 65 / lhi@usurbil.eus

Lanbide Heziketa:

Zubietako Lanbide Eskolan ere, 2018-19 ikasturtera begirako aurrematrikulazio epea zabalik dute ekainaren 15era arte:

-Epea: ekainak 4-15 (biak barne).

-Ikasketa eskaintza: elektrizitate-elektronika, fabrikazio mekanikoa, administrazioa, energia eta ura.

-Informazio gehiago: lhusurbil.eus / Etarte bidea, 9 (Zubieta) / 943 36 46 00 / eskola@lhusurbil.eus

-Jendaurreko ordutegia: astelehenetik ostiralera 9:00-14:00 artean, astelehenetik ostegunera 16:00-18:00 artean.