Hainbat hitzordu asteotan, sagardo eta sagardotegien bueltan

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 6a, 12:53

Sagardoa tarteko, hainbat deialdi heldu zaizkigu asteotarako; afari maridajea antolatu dute ekainaren 8an Andatz-pen edota SagardoHop festa biharamunean Zubietako Iruin Sagardotegian.

Bestalde, Aitor Aranguren pilotari aginagarrak ekainaren 23an Tolosako Beotibarren Asegarce taldearekin maila profesionalean izango duen debutaren bueltan afaria antolatu dute Aginaga Sagardotegian. Eta bada gehiago ere. Saizar Sagardotegia, "Lurrekolore" egitasmoan murgildua dabil. Albisteon xehetasunak dituzue segidan.

Afari maridajea Andatz-pen

Ostiralerako, ekainaren 8rako antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, jaki eta edari jakin bana dastatzeko aukera eskainiko duen ekimena 20:30etan Andatz-pe elkartean. “Otordu bat da, baina berezitasun batekin. Produktuen ezkontza komentatua da: jaki bat edari batekin. Gure kasuan, jakia sagardoarekin. Gure funtsa sagardoa da, bere deribatu guztiekin. Afari honetan plater bakoitza sagardo mota desberdinekin lotuko dugu. Usurbilen kasuan, Usurbil eta Zubietako sagardotegietako sagardoa izango dugu gozagarri plater bakoitzarekin”.

Afari gidatua izango da, gidari bat izango du. “Berak banan-banan azalduko ditu jakiak eta horiekin zerbitzatuko diren edariak”. 40 lagunentzako lekua egongo da otorduan. Aurrez eman ahalko da izena, Bordatxo tabernan, Alkartasuna Kooperatiban eta Andatz-pe Elkartean bertan. Prezioa, 30 euro. Argibide gehiago: info@sagardoa.eus / 943 33 68 11 (Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea).

SagardoHop Iruin sagardotegian

Larunbat arratsaldean (ekainak 9) 19:00etan hasita Zubietako Iruin Sagardotegian. Bamboo Dance, Ossian, Mde Click, Elfomega+Nöïz eta W. Chef, Sho-Hai-ren eskutik, latindar hip hop doinuez eta sagardotegiko menuaz gozatzeko aukera izango da bertan. Bertaratu asmo duenak bidali email bat aurrez, sagardohop@gmail.com helbidera.

Aitor Arangurenen debuteko afaria, Aginaga sagardotegian

Asegarce enpresak Aitor Aranguren pilotari aginagarra fitxatu du. Ekainaren 23an debutatuko du Tolosako Beotibarren 18:00etan. Aranguren animatzera joateko autobus zerbitzua antolatu dute 16:00etan Aginagatik (Usurbilen ere geldialdia egingo du), 6 euroren truke. Partidarako sarrerak ere aurrez eskuratzeko aukera dago, 15 eurotan. Bueltan, afaria antolatu dute Aginaga Sagardotegian: entsalada mistoa, bakailao tortila, txuleta, postrea eta kafea. Prezioa: 20 euro. Argibide gehiagorako edo izen emateko: 695 723 192 (Aitziber), 680 347 768 (Leire), Aginagako Arrate Egoitza, Aitzaga.

Saizar, Lurrekolore egitasmoan  

Sagardotegietako intxaur oskolek berrerabilpen berri bat dute. Tinte natural gisa kirol jantzietarako baliatzen hasi dira zenbait enpresa, orain arte baliatzen zituzten hainbat produktu kimiko murriztuz. “Lurrekolore” izeneko egitasmo honetan parte hartzen ari dira Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen saila, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Ternua eta Archroma enpresak, edota Aburuza, Iparragirre, Petritegi eta Usurbilgo Saizar sagardotegiak.