Ostiraleko afari maridajea bertan behera geratu da

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 7a, 10:36

Sagardoa tarteko, hainbat deialdi heldu zaizkigu asteotarako; tartean, afari maridajea antolatua zuen Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak Andatz-pen ostiral honetarako (ekainak 8). Parte hartzaile nahikorik izena eman ez duenez, hitzordua bertan behera uztea erabaki dute.

Jaki eta edari jakin bana dastatzeko aukera eskaintzekoa zen gidari bat bideratzekoa zen afari maridajea. “Otordu bat da, baina berezitasun batekin. Produktuen ezkontza komentatua da: jaki bat edari batekin. Gure kasuan, jakia sagardoarekin. Gure funtsa sagardoa da, bere deribatu guztiekin. Afari honetan plater bakoitza sagardo mota desberdinekin lotuko dugu. Usurbilen kasuan, Usurbil eta Zubietako sagardotegietako sagardoa izango dugu gozagarri plater bakoitzarekin”.

SagardoHop Iruin sagardotegian

Larunbat arratsaldean (ekainak 9) 19:00etan hasita Zubietako Iruin Sagardotegian. Bamboo Dance, Ossian, Mde Click, Elfomega+Nöïz eta W. Chef, Sho-Hai-ren eskutik, latindar hip hop doinuez eta sagardotegiko menuaz gozatzeko aukera izango da bertan. Bertaratu asmo duenak bidali email bat aurrez, sagardohop@gmail.com helbidera.

Aitor Arangurenen debuteko afaria, Aginaga sagardotegian

Asegarce enpresak Aitor Aranguren pilotari aginagarra fitxatu du. Ekainaren 23an debutatuko du Tolosako Beotibarren 18:00etan. Aranguren animatzera joateko autobus zerbitzua antolatu dute 16:00etan Aginagatik (Usurbilen ere geldialdia egingo du), 6 euroren truke. Partidarako sarrerak ere aurrez eskuratzeko aukera dago, 15 eurotan. Bueltan, afaria antolatu dute Aginaga Sagardotegian: entsalada mistoa, bakailao tortila, txuleta, postrea eta kafea. Prezioa: 20 euro. Argibide gehiagorako edo izen emateko: 695 723 192 (Aitziber), 680 347 768 (Leire), Aginagako Arrate Egoitza, Aitzaga.

Saizar, Lurrekolore egitasmoan  

Sagardotegietako intxaur oskolek berrerabilpen berri bat dute. Tinte natural gisa kirol jantzietarako baliatzen hasi dira zenbait enpresa, orain arte baliatzen zituzten hainbat produktu kimiko murriztuz. “Lurrekolore” izeneko egitasmo honetan parte hartzen ari dira Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen saila, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Ternua eta Archroma enpresak, edota Aburuza, Iparragirre, Petritegi eta Usurbilgo Saizar sagardotegiak.