Udalaren 2018ko zerga ordenantza aldatua eta etxez etxeko laguntza zerbitzua, alegazio epean

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 7a, 11:33

2018ko zerga-ordenantzan hainbat aldaketa hasieraz onartzea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu alde, PSE aurka eta EAJ abstentzioa) maiatzaren 29an egin zuten osoko ohiko bilkuran. Batetik, udal jabetza erabiltzeagatiko tasaren baitan, "udal bide publikoen lur, lur azpi edo lur gainaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia"ri tarifa berria gehitzea. Zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoen baitan, etxez-etxeko zerbitzuen prezio taula eguneratzea onartu zen hasieraz. Eta azkenik, Oiardo Kiroldegiko ikastaroetako ikasturteko prezioen eskaintza osatzea.

Udalbatzak hasieraz onartutako aldaketon erabakia, ostegun honetako, ekainaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu du Udalak. Jendaurrean ikusgai jarriko du Udalak 30 egunez bihartik aurrera, interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten. Tarte horretan, erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, aldaketok behin betiko onartuko ditu Udalak. Bestela, "Udal Korporazioak behar diren behin betiko erabakiak hartuko ditu, aurkeztu izan diren erreklamazioak ebatziz eta Ordenantzaren behin betiko idazketa, beraren indargabetzea edo eta, behin behineko akordioan aipatutako aldarazpenak onetsiz".

2017ko Kontu Orokorra jendaurrean

Usurbilgo Udalak maiatzaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen iragarkiaren arabera, 2017ko Kontu Orokorra jendaurrean izango da ikusgai, “hamabost egunez, kontu-hartzailetzako bulegoetan”. Tarte horretan, alegazioak aurkezteko aukera izango dute interesdunek udal erregistroan.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua

Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen udal arautegiaren aldaketa aho batez onartu zuen udalbatzak maiatzaren 29ko osoko bilkuran. Udala eta Aldundiaren arteko hitzarmen berria sinatzea ere aho batez babestu zuten udal ordezkari guztiek. Udal arautegi aldatuaren erabakia ostegun honetako (ekainak 7) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean  argitaratu du Udalak. Bihartik (ekainak 8) aurrera, 30 eguneko epean jendaurrean izango da ikusgai. Tarte horretan erreklamaziorik ez balego, aipaturiko udal arautegiaren aldaketa behin betiko onartua egongo da.