Ehunka lagun, jendetza batu eta salgai jarri orduko azkar batean agortu ohi dira Usurbilgo jaietako zikiro janerako txartelak. Adi, antolatzaileek NOAUA!ri berri eman diotenez, asteburutik aurrera eskuragarri izango baitira Bordatxo, Txiriboga eta Aitzaga tabernetan. 25 eurotan erosi ahalko dira, 15 eurotan langabetu eta gazteek.
Gogoan izan, Usurbilgo jaiak ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira. Presoen eskubideen aldeko zikiro jana, festetako larunbat eguerdian, hau da, ekainaren 30ean ospatuko da Askatasuna plazan.
Bertsopaper Txapelketak martxan
Bertso zaleentzako deialdia. Usurbilgo festei begira, Bota Punttubak Bertsopaper Lehiaketak antolatu ditu. Iaz bezala, bi. Bat tradizio luzeena duena; 16 urtetik gorakoei zuzendurikoa. Bestea, LH 5 eta LH6 mailako ikasleen parte hartzea bultzatu nahi duena. Batera zein bestera lanak aurkezteko epea zabalik egongo da ekainaren 21era arte. Hemen dituzue xehetasunak:
LH 5 eta 6-koentzako Bertsopaper Txapelketa:
Nori zuzendua: LH5 eta LH6ko usurbildarrei edo Usurbilen ikasten duten gaztetxoei.
Lanen ezaugarriak: bi bertsotako lanak izan behar dute. Gaiotako bat aukeratu behar da:
-NOAUA!n herriko zuhaitz zaharrena botako dutela irakurri berri duzu.
-Herriko alkatea bazina zein aldaketa egingo zenituzke?
-Urrutiko lagun bat etorri zaizu bisitan.
Sariak: txapeldunarentzat 50 euro Hurbilagoko dendetan xahutzeko eta oroigarria; txapeldun ordearentzat Hurbilagoko dendetan xahutzeko 40 euro eta oroigarria.
16 urtetik gorakoei zuzendutako Bertsopaper Txapelketa:
Nori zuzendua: 16 urtetik gorako usurbildarrei.
Lanen ezaugarriak: 8-10 bertso artekoak, inoiz argitaratu gabeak.
Sariak: 200 euro eta oroigarria txapeldunarentzat, eta 150 euro txapeldunordearentzat.
Lanen aurkezpena
Epea: ekainaren 21a baino lehen udaletxean (Usurbilgo Udala, XLII. Bertsopaper Lehiaketa. Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170).
Lanak aurkezteko modua: izengoitiz aurkeztu lana. Lanarekin batera, kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztu.
Antolatzaileak: Bota Punttuba eta Usurbilgo Udala.
Txupinazo jaurtitzaileak eta egitarauaren diseinua, hautatuak
Jai Batzordeak festei begirako bi erabaki garrantzitsu hartuak ditu. Jaiak abiatzeko txupinazoa, urte luzez hainbat ekitaldietan gaztain erretzaile lanetan jardun duen koadrila usurbildarrak jaurtiko du. Ekainaren 22ko asteburuan Udalak etxez etxe banatuko duen egitarauko diseinua aldiz, Ibai Arrietarena izango da. Bera dugu, egitarau diseinu lehiaketako txapelduna. Zorionak!