Gure Esku Dagok iganderako (ekainak 10) deitu duen giza katerako izena eman gabe bazaude, adi; inskripzioak bideratzeko azken aukerak izango dituzue egunotan, Usurbilgo frontoi inguruan:
-Ekainak 8, ostirala 18:30-20:30.
-Ekainak 9, larunbata 12:30-14:00.
Aste hasierarako 989 herritarrek giza katerako izena emana zuten. Mila lagun behar dira ordea dira gutxienez, etorkizunari eskua emango zaion hitzordurako. Usurbilgo Gure Esku Dagotik, mobilizazio erraldoi honi begirako parte hartzeari azken bultzada ematera deitzen dituzte herritarrak. "Gure kilometroak jendez lehertzeko azken bultzada bat behar dugu; hurbildu gure mahaira eta batu giza katera! Izugarria egingo dugu, ez zara ba zu etxean geratuko?".
Usurbildik kanpo, oro har, jada 84.000 lagunek eman dute giza katerako izena. 100.000 pertsonen langa gainditzea aurreikusten du Gure Esku Dagok etzi. Mila autobus mugiaraziko ditu mobilizazioak, eta 5.000 bolondres ariko dira lanean.