2014ko giza katea gogoan: “Horma batzuk botatzen lagundu zuen”

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 8a, 11:02

Igandeko giza kateak iraganera begira jarri gaitu. 150.000 lagunek eman zioten, 2014ko ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotu zituen giza katean. Tartean, Nafarroako Uharte Arakil herrira joatea egokitu zitzaien ia 1.000 usurbildarrek. Alaia, anitza, koloretsua izan zen festa eta aldarrikapen giro beteko mobilizazio hura.  

Berriki, Usurbilgo Gure Esku Dagok NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan, duela lau urteko mobilizazio hark inflexio puntua eragin zuela aipatu digute. “Horma batzuk botatzen lagundu zuen”, bai herritar zein eragileen artean. Denborarekin, besteak beste, egun erabakitze eskubidearen gaia presente egotea ekarri du, eta hau gaur egun, “Gure Esku Dago gabe ezingo litzateke ulertu”. Bide honetan mugarri garrantzitsua finkatu zuen baita, iazko maiatzeko galdeketak. Herritarrek antolaturikoa izanik, nabarmentzekoa da atzean egon zen elkarlan eta auzolana. “Meritu handia du”, diote Gure Esku Dagotik. Horrek erakusten du herri honetan ze indar eta energia dagoen. “Egunerokoan ez gara jabetzen, herri batean ehunka lagun, borondate propioz, halako ariketa demokratiko baterako biltzeak zer esan nahi duen”.

Ekainaren 10ean, energia erakustaldi hori egitera, etorkizunari eskua ematera gonbidatzen gaitu Gure Esku Dagok, “baietza nahi badugu guk bultzatu behar dugu”. Argi diote, “dena ez dago herritarron esku, baina herritarren bultzadarik gabe ez da ezer mugituko”. Herritarrei mezu argi luzatzen diete. “Zu ezinbestekoa zara, ez pentsatu besteak egongo direlako zu ez egoteak axola ez duenik. Beharrezkoa zara”.  

Argazkitegia:

2014ko giza katea iruditan

 

https://youtu.be/ttLNaN996zQ