Ekainaren 10eko giza katea, Gure Esku Dagok landua duen plangintza zabalago baten baitan kokatua dago. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzerako bidea jorratu nahi du aipatu herri mugimenduak. Bide horretan, urrats berri bat eman nahi da hilabeteotan.
Usurbilen bezala, Euskal Herrian herriz herri, eskualdez eskualde herritarren erabakitzeko arrazoiak bildu nahi dira eta horrekin Herritarron Ituna osatuko da. Gerora, eragile anitzen artean adostu nahi dena. “Herri Itun hori sustatzeko unean zubi lana egitea da Gure Esku Dagoren asmoa”. Argi denez, prozesu hau asteotan, herritar bakoitzak eginiko ekarpenetik abiatuko da, behetik gorako prozesu argia izango da.
Zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun, erabakitzeko arrazoiak bildu nahi dituzte; 2019 arrazoi, eta gehiago, herritarron ekarpenekin. Horretarako, arrazoi bilketa kanpaina abiatu zuen Gure Esku Dagok duela hainbat aste. Triptiko bat banatu du zuen etxez etxe. Bertan, erabakitzeko zergatiak adierazteko aukera genuen. “Buruari eragin, zergatik eta zertarako nahi dugun erabakitzeko eskubidea. Denon arrazoiak dira garrantzitsuak. Ezinbestekoak gara denok arrazoi bilketa honetan”, gogorarazten zuten.
Usurbildarrek hamaika arrazoi
Arrazoi bilketa hau, maiatzaren 26an Askatasuna plazan ospatu zen Klik Egunean plazaratu zuten herritarrek. Usurbilen soilik arrazoi mordoxka plazaratu zituzten herritarrek. Pentsioak, bizi kalitatea, hezkuntza, euskara, askatasuna, nortasuna, herri honen etorkizuna, parekidetasuna… hamaika arrazoi idatzi eta zintzilikatu zituzten, erabakitzeko arrazoiekin osatu zuten zuhaitzean.
Zergatik eta zertarako erabaki? Usurbildarrentzat…
-Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat pentsatuta, hezkuntza sistema propioa osatzeko.
-Euskaldunak garelako, ez espainolak ezta frantsesak ere.
-Nahi duguna egiteko eta euskaraz bakarrik hitz egiteko.
-Erraustegirik ez izateko.
-Jubilatuei paga gehiago eman behar zaie! Bestela diru gabe geldituko dira eta ez dugu nahi hori pasatzea!
-Mozal Legeari ez.
-Euskara mugarik gabe.
-Euskal herritar librea izateko euskal errepublika librean.
-Guk nahi duguna izan, inork ezer esan gabe! Gu, gu garelako, ez beste inor!
-Demokrazia batean herritarrok iritzia ematea ezinbestekoa delako.
-Aske izateko.
-Lasai bizi ahal izateko.
-Gu errespetatzeko.
-Iritzi desberdinak azaleratzea garrantzitsua delako.
-Gure herriarentzat egokien deritzogun aukera bermatu ahal izateko, hezkuntza sisteman, gestioan…
-Gu garena izan behar dugu.
-Neskak eta mutilak berdin tratatu behar ditugu.
-Natura zain dezagun.