"Seguru gaude, guztion artean lortuko dugula herrikideak euskaraz gehiagotan entzun ahal izatea"

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 8a, 21:15

Eragile eta herritarren babesean plazaratu berri dute, geure hizkuntza ahotan gehiagotan hartzea sustatzera datorren Euskaraldia! "Seguru gaude, guztion artean lortuko dugula herrikideak euskaraz gehiagotan entzun ahal izatea", adierazi dute, Euskal Herri mailako ekimen honi herri gisa babesa emateko ostiral arratsalde honetan Mikel Laboa plazan egin den agerraldian.

Hainbat eragileetako ordezkari eta herritarrek parte hartu duten hitzorduak bozgorailu lana egin nahi zuen. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko den ekimena martxan dela adierazi eta "ahobizi" zein "belarriprest" gisa aritu nahi dutenak erakartzen hasi. Usurbildarrak, aurrez bideratuko diren prestaketa lanetara gonbidatu.

Hizkuntza ohiturak aldatzen, euskararen erabilera areagotzen laguntzeko esperimentu modukoa izan nahi du Euskaraldiak. 16 urte izan eta euskaraz hitz egin edo ulertzen duen herritar orok parte hartu ahalko du 11 egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra luzatuko den ekimen erraldoi honetan. 

EUSKARALDIA: HERRI AGERRALDIKO ADIERAZPENA

Gu, hemen gaudenok Usurbilgo Euskaraldia batzordeko kideak gara. Batzorde honetan Usurbilgo hainbat talde eta erakunde daude; Udala, NOAUA! K.E., Udarregi Ikastola, Etumeta AEK euskaltegia, eta batez ere herritarrak. Zerk batzen gaitu? Ba euskararen erabilera indartu nahi izateak. Jakingo duzue, honez gero, erabilera horrek ez duela aurrera egiten azken aldian. Euskararen erabilera indartu, hori da gure asmoa. Lagun gehiago jarri nahi dugu euskaraz hizketan eta badakigu posiblea dela gainera. Horretarako proposamen bat egin nahi dizuegu, ariketa bat egin nahi dugu herritarrekin eta esperimentu berri hau plazaratzeko bi puntutan oinarritu gara. Lehenengoa, badago jende multzo handia euskara ulertzen duena baina hitz egiten ez duena euskaraz. Usurbilen ia 1.000 lagun dira, ez dira gutxi. Horiekin ere euskaraz egin ahal izatea ez litzateke kontu makala, nahiz eta haiek erdaraz erantzun.

Bigarrena, ohiturak aldatzeko gonbidapen bat da. Ohitura aldatzea ez da erraza, eta gainera denbora behar da. Ohitura aldatzeak esfortzua eskatzen du. Beraz, hizkuntza ohiturak epe batez aldatzea proposatzen dizuegu. Esperimentu honi Euskaraldia izena emango diogu.

Euskaraldia oso esperimentu sinplea izango da. Ados jarriko gara euskaraz hitz egin ahal eta nahi dugunok, "Ahobiziak" alegia eta euskaraz hitz egin ez, baina ulertu eta entzun nahi dugunok, "Belarriprestak". 11 egun pasako dugu ahal dugun guztietan euskaraz. Hori egin nahi genuke azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Edonork har dezake parte, bi baldintza baino ez dira bete behar. Lehenengoa, noski, euskara hitz egin edo ulertzea, eta bigarrena, 16 urte baino gehiago izatea. Animatzen bazarete, irailean ikasturtearekin batera hasiko da izen ematea. Baina lasai, egongo da hau guztia polikiago azaltzeko aukera. Azken asteotan, ideia hau kontatu diegu herriko hainbat talde eta elkarteri, eta gaur hemen elkartu gara familia argazkia egiteko. 

Oso pozik gaude erantzun ona jaso dugulako, herritar eta talde askok emana. Gaur ez gara bildu baietza emandako guztiak, ezin izan dugu, azkar ibili gara. Gainera espero dugu jende gehiagorekin hitz egin ahal izatea eta lagun gehiago biltzea egitasmo honetara. Hau lehenengo pausoa besterik ez da, abian jartzeko lehen urratsa. Seguru gaude, hain jende ona batuta, guztion artean lortuko dugula herrikideak euskaraz gehiagotan entzun ahal izatea. Gogoratuko duzue nola aritu ginen Usurbilen antolatutako Kilometroetan. Orduan bai saiatu, orduan bai ederra erakustaldia. Tira, gogoratu parte hartzea librea dela! Zuek animatzen bazarete edo zuen elkarteak, jarri harremanetan eta poz pozik erantzungo dizuegu.

  

https://youtu.be/rSo_CZjr7EM

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA