Euskaraldiaren prestaketa lanetan parte hartzeko hiru bide

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 8a, 20:26

Urte amaierarako iragarri den Euskal Herri mailako Euskaraldiarekin bat egin du Usurbilek. Jada bada denboratxo bat talde talde eragile bat lanean hasi zenetik. Urrats berri bat eman dute gaur; orain arte eginikoa plazara atera dute, herriak Euskaraldiaren berri izan zezan, eta herritarrak ekimenarekin bat egiteaz gain, prestaketa lanetan parte hartzera animatu daitezen. Parte hartzeko hain zuzen, hiru bide daude, talde eragileak kaleratu dituen xehetasunon arabera:

11 EGUN EUSKARAZ-2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?

Galderak hainbat erantzun ditu, baina, guk, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.

Nola egingo dugu?

Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:

Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Belarriprest: egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Zer lortu nahi dugu?

-Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.

-Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna banio gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.

-Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.

-Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

Non egingo dugu?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan...

Eta bitartean, zer egin dezakegu?

Hiru parte hartzeko modu proposatzen dizkizugu:

1-Batzordeetan parte hartu: herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin.

2-Euskaltzale eragile izan, ekitaldietan lagundu: Usurbilgo Euskaraldiko batzordetik kanpo dauden euskaltzale aktiboak izango dira, ekimena zabaldu eta tarteka laguntzeko prest dauden norbanakoak.

3-Euskaraldiari buruzko informazioa jaso: Euskaraldiari buruzko informazioa jaso eta ekimenetan parte hartuko dute.