Eskola Kirola berrantolatzeko landu den proposamenaren aurkezpena asteartean

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 12a, 06:51

Eskola Kirola berrantolatzeko premiak bultzatuta, hainbat guraso eta hezitzaileek bi urtez proiektu honen ereduaren inguruan eginiko hausnarketa prozesutik proposamen bat landu dute eta jendaurrean aurkeztera doaz, astearte honetan, ekainaren 12an 17:30etan Sutegin deitu duten batzarrean. Batzarra, Eskola Kiroleko erabiltzaile diren LH 1, 2, 3 eta 4 mailetako gurasoen ikasleei zuzendua dago. 

Egitasmo honetara batu dira Usurbilgo Udala, Udarregi Ikastola eta NOAUA! K.E. Eskola kirola, eskolaz kanpoko jarduera soila izatetik, herri-egitasmo bat izateko planteamendua egin dute.

BATZARRERAKO DEIA

Guraso/tutore agurgarri hori:

Gutun honen bitartez, datorren asteartean, hilak 12, antolatu dugun batzar baten berri eman nahi dizugu. Batzarrean eskola kirola berrantolatzeko egin den proposamena aurkeztuko zaizue. 

Eskola kirolaren gaineko kezka eta hausnarketa ez da gaur goizeko kontua.  Usurbilen eskaintzen den Eskola Kirola berrantolatzeko premia sentitu dute hainbat gurasok eta hezitzailek, eta egungo eredua aztertu eta proposamen berritzailea diseinatu dute. Bi urtez aritu dira hausnarketa hori egiten, eta proposamena taxutzen. Honako hauek hartu dute parte zeregin horretan: guraso batzuk, Udarregi Ikastolako Gorputz Hezkuntzako irakasleak, Eskola Kiroleko koordinatzaile eta monitoreak, Ikastola Elkartean aisialdian lan egiten duen pertsona, unibertsitateko  irakasle bat, kudeaketan aditu bat, genero-gaietan aditu bat eta inklusioaren gaian aditu bat. 

Hain zuzen, egindako gogoeta eta egitasmo berria partekatzen aritu dira han eta hemen, eta proposamen horretara bildu gaituzte Usurbilgo Udala, Udarregi Ikastola eta Noaua! Kultur elkartea. Eskola kirola, eskolaz kanpoko jarduera soila izatetik, herri-egitasmo bat izateko planteamendua egin dute, eta herriko elkarte eta Udalaren arteko elkarlana sustatu. Umea erdigunean jarri, eta kirola, ariketa fisikoa, jolasa eta aisialdia uztartzeko egitasmoa landu dute. Egitasmoa gorpuzten aritu dira eragile guztiak elkarlanean orain arte, eta datorren ikasturtean bertan jarri nahi dute abian. Aurrez, baina, gurasooi aurkeztu nahi dizuegu, zuek ere proiektu honen parte izan zaitezen.  Proposamena aurkezten eragile guztiak izango gara: hezitzaileak, ikastola, Noaua! Eta Udala. Azken batean, lehen hazia guraso eta hezitzaileek jarri badute ere, elkarlanari lotu, eta guztiek, bakoitzak beretik emanez, gorpuztu da egitasmoa. Orain gurasook izango duzue hitza. 

Bilera Eguna: 2018ko ekainaren 12an.

Ordua:  17:30ean.

Tokia: Sutegiko aretoan.

Bilerara deituak: 2018/2019 ikasturtean LH1-LH2-LH3-LH4an izango diren ikasleen guraso/tutoreak.