https://youtu.be/MMXQmC5EvFI
Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako Altsasuko gazteak aske uztea exijitzeko hiru deialditan parte hartzeko gonbita luzatu du Ernai Usurbilek. Asteazken honetan (ekainak 13) 19:30etan Mikel Laboa plazan, argazki erraldoia aterako da. Bihar (ekainak 14) eskualde mailako manifestazioa deitu da Lasarten (19:30etan Okendo plazatik).
Azkenik, larunbaterako Iruñean deitu den manifestaziorako autobus zerbitzua antolatu dute Usurbildik, goiz nahiz arratsaldez. Sortu Usurbilek NOAUA!ra helarazi duten ondoko testuan dituzue xehetasunak:
Aski da! Kalera irten behar dugu Altsasukoei elkartasuna adierazteko eta eskandaluzko sententzia hau salatzeko
Auzitegi Nazionalak muturreraino eraman du Altsasuko zortzi gazteen aurkako zigorra. Jende gehienaren moduan, suminduta eta haserre egon beharko ginateke eskandalu honekin, prozedura osoarekin eta erregimen postfrankistaren demokrazia ezarekin. Horregatik kalera irten behar gara, zigortutako gazteei elkartasuna agertzeko eta epaia salatzeko.
Gisa honetako erabaki asaldagarriek agerian uzten dute erregimen postfrankista honetan ez dagoela demokraziarik, ez botere banaketarik, ez justiziarik, gerra-gosea baizik. Trikorniodun epaileak dauden artean, hemen ez dago bizikidetza egonkorrik eta bake iraunkorrik eraikitzerik.
Estatura lotzen gaituzten kateak mozteko determinazioa sendotu baino ez du egiten epai honek. Izan ere, herri honetan guztiok modu duinean bizitzea merezi dugu, berme guztiekin, ez gezurretako “demokrazia” honetan.
Asteazkenean, ekainak 13, argazki erraldoia aterako dugu Mikel Laboa plazan 19:30etan, Altsasukoak aske nahi ditugula aldarrikatuz!
Bestalde, Usurbildik autobusak irtengo dira ekainak 16an Iruñean izango den manifestaziora joateko. Goizez 10:30 etan irtengo da eta arratsaldez 15:00tan. Bi kasuetan kiroldegitik. Izena emateko ohiko tabernetan izango dira zerrendak eta asteartetik ostiralera mahaia izango da Sutegi sarreran.
Sortu Usurbil