Albiste honi atxikitako argazkia helarazi du Eguzki Talde Ekologistak NOAUA!ra. Argazkia joan den igandekoa, ekainaren 10ekoa duzue. Hain zuzen Gure Esku Dago mugimenduak deitutako giza kate egunekoa. Mobilizazio amaieran, Troia inguruan N-634 errepide bazterrean katea osatzen lagundu zuten hainbat herritar dituzue aipatu errepidea igaro ostean, Lasarte-Oria edo Zubieta aldera jotzeko segidan dagoen trenbideko pasabidea zeharkatzen.
Eguzkitik ohartarazi dutenez, igandean agerian geratu zen berriz, Troia inguruko pasabide honek herritarren segurtasunerako duen arriskua.
"Mila lasarteoriatar baino gehiagok parte hartu zuten igandean Gure Esku Dagok antolatutako ekimenean. Osatu behar zuten kate-tartea N-634 errepidean zegoenez, horietako askok, zubietarrek bezala, Troiatik pasatu behar izan zuten, eta, tropelaren babesean eta GEDko antolatzaileen zaintzapean joan ziren arren, berriz ere bertatik bertara frogatu ahal izan zuten zer arrikutsua den pasagune hori. Lehendabizi, trenbidea pasatu egin behar da, eta, trenbidea pasatuta, zuzen-zuzenean N-634ra ateratzen da. Eta han ez dago espaloirik ez bazterbide zabalik", gogorarazi dute Eguzki taldetik.
Egunerokoan, "bada, Troiakoa da Lasarte-Oriatik eta Zubietatik Usurbilera (eta alderantziz) oinez joateko bide naturala. Ez bide normala, ordea, pasagune horren arriskuak disuasorio bihurtzen duelako".
"Puntu beltzik ez" herri dinamikak azken hilabeteotan plazaratu izan duenarekin bat egiten du Eguzkik. “Puntu beltzik ez” kanpainatik nabarmendu duten bezala, Usurbilgo Udalak, Eusko Trenek eta Foru Aldundiak pasagune horri lehenbailehen soluzio bat eman behar diote. Alde batetik, arriskua bera saihesteko, jakina, eta, bestetik, Lasarte-Oria, Zubieta eta Usurbilen arteko lotura peatonal duin bat behingoz bermatzeko.
Gainera, ba omen dago soluzio tekniko bat. Izan ere, iaz, Usurbilgo Udalak, Eusko Trenek eta Foru Aldundiak trenbide eta errepide gaineko pasabide bat egiteko proiektu bat landu zuten. Badirudi Udala eta Eusko Tren badauela beren partea jartzeko prest; Aldundia, berriz, orain arte, behintzat, uzkur agertu da".
Gai honi berehalako irtenbide bat emateko beharra dagoela gogorarazten du Eguzkik. "Troian istripu eta eskapada dezente izan dira. Gauzak dauden bezala jarraituz gero, denbora kontua baino ez da ezbehar berriren bat gertatzea. Penagarria litzateke gertatu arte soluzioari ez ekitea".
Irudia eta informazio iturria: Eguzki.