Altsasukoak aske uztea exijitu eta larunbateko manifestazioarekin bat egin dute usurbildarrek

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 13a, 20:22

Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako Altsasuko gazteak aske uztea exijitu eta larunbaterako Iruñean deitu dagoen manifestazioarekin bat egin dute, asteazken arratsalde honetan Mikel Laboa plazan ondoko argazkia atera duten usurbildarrek. Autobus zerbitzua antolatu da ekainaren 16an Nafarroako hiriburuko mobilizaziora joateko autobus zerbitzua antolatu da. Izen ematea ohiko tokietan bideratu beharko da.

Aurretik, eskualde mailako manifestazioa deitu da ostegun honetarako (ekainak 14), 19:30etan Lasarte-Oriako Okendo plazatik.

Aski da! Kalera irten behar dugu Altsasukoei elkartasuna adierazteko eta eskandaluzko sententzia hau salatzeko

Auzitegi Nazionalak muturreraino eraman du Altsasuko zortzi gazteen aurkako zigorra. Jende gehienaren moduan, suminduta eta haserre egon beharko ginateke eskandalu honekin, prozedura osoarekin eta erregimen postfrankistaren demokrazia ezarekin. Horregatik kalera irten behar gara, zigortutako gazteei elkartasuna agertzeko eta epaia salatzeko.

Gisa honetako erabaki asaldagarriek agerian uzten dute erregimen postfrankista honetan ez dagoela demokraziarik, ez botere banaketarik, ez justiziarik, gerra-gosea baizik. Trikorniodun epaileak dauden artean, hemen ez dago bizikidetza egonkorrik eta bake iraunkorrik eraikitzerik.

Estatura lotzen gaituzten kateak mozteko determinazioa sendotu baino ez du egiten epai honek. Izan ere, herri honetan guztiok modu duinean bizitzea merezi dugu, berme guztiekin, ez gezurretako “demokrazia” honetan.

Asteazkenean, ekainak 13, argazki erraldoia aterako dugu Mikel Laboa plazan 19:30etan, Altsasukoak aske nahi ditugula aldarrikatuz!

Bestalde, Usurbildik autobusak irtengo dira ekainak 16an Iruñean izango den manifestaziora joateko. Goizez 10:30 etan irtengo da eta arratsaldez 15:00tan. Bi kasuetan kiroldegitik. Izena emateko ohiko tabernetan izango dira zerrendak eta asteartetik ostiralera mahaia izango da Sutegi sarreran.

Sortu Usurbil

https://youtu.be/MMXQmC5EvFI