Iaz iragarri bezala, Udala Kiroldegiko igerileku txikia handitu eta irisgarri izateko lanak bideratzera doa laster. Aurreikusitakoa baino zertxobait beranduago. Uztailean ez, irailean abiatuko dituztela berri eman dute Udaletik. “Lanak esleitzeko beste lehiaketa bat egin behar izan da, eta horrek atzeratu egin du prozesu osoa. Edonola ere, gauzak ondo bidean, lanak irailean hastea aurreikusten da. Ondorioz, udan, Kiroldegiko funtzionamendua betikoa izango da, eta igerilekua irekita egongo da”, berri eman du Udalak. Abuztuko lehen hamabostaldian (abuztuaren 1etik 15era) itxita egongo da Kiroldegia, urtero moduan oporrengatik.
2018ko aurrekontuetako inbertsio nagusia izango den honetara, 650.000 euroko inbertsioa bideratuko du Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du. “Igerilekura sartzeko koxka kendu egingo da, muga handia baita elbarritasun bat dutenentzat, eta igerileku handiaren maila berean jarriko da; eta, beste alde batetik, Kiroldegiko sarrerari zati bat kenduta, handitu egingo da nabarmen. Halaber, lan horiek baliatuko dira, ikusten ez den eta igerilekuaren azpian dauden instalakuntza guztiak berritzeko (tuberiak, kalderak, berogailuak…). Premia handia dute horretarako”, ohartarazi dute Udaletik.
Obren atzeratzeak ez du abonuetan eragingo. “Obrak beranduago hasiko badira ere, horrek ez du eraginik izango abonuetan, eta urte hasieran esan bezala, %20ko konpentsazioa berdin-berdin aplikatuko die Udalak Kiroldegiko abonatuei”.