"Altsasukoak aske! Hau ez da justizia" aldarripean, Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri-plataformak larunbaterako (ekainak 16) Iruñean deitu duten manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu da Usurbildik. Zerbitzu bikoitza; goizeko 10:30etan eta arratsaldeko 15:00etan abiatuko dira zerbitzuak Oiardo Kiroldegi paretik. Autobusetarako izena aurrez bideratu beharko da ohiko tokietan.
Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako Altsasuko gazteak aske uztea exijitu eta larunbaterako Iruñean deitua dagoen manifestazioarekin bat egin zuten asteazkenean, Mikel Laboa plazan ondoko argazkia atera zuten usurbildarrek. Hitzorduon harira, Sortu Usurbilek ondoko idatzia helarazi du egunotan NOAUA!ra:
Aski da! Kalera irten behar dugu Altsasukoei elkartasuna adierazteko eta eskandaluzko sententzia hau salatzeko
Auzitegi Nazionalak muturreraino eraman du Altsasuko zortzi gazteen aurkako zigorra. Jende gehienaren moduan, suminduta eta haserre egon beharko ginateke eskandalu honekin, prozedura osoarekin eta erregimen postfrankistaren demokrazia ezarekin. Horregatik kalera irten behar gara, zigortutako gazteei elkartasuna agertzeko eta epaia salatzeko.
Gisa honetako erabaki asaldagarriek agerian uzten dute erregimen postfrankista honetan ez dagoela demokraziarik, ez botere banaketarik, ez justiziarik, gerra-gosea baizik. Trikorniodun epaileak dauden artean, hemen ez dago bizikidetza egonkorrik eta bake iraunkorrik eraikitzerik.
Estatura lotzen gaituzten kateak mozteko determinazioa sendotu baino ez du egiten epai honek. Izan ere, herri honetan guztiok modu duinean bizitzea merezi dugu, berme guztiekin, ez gezurretako “demokrazia” honetan.
Asteazkenean, ekainak 13, argazki erraldoia aterako dugu Mikel Laboa plazan 19:30etan, Altsasukoak aske nahi ditugula aldarrikatuz!
Bestalde, Usurbildik autobusak irtengo dira ekainak 16an Iruñean izango den manifestaziora joateko. Goizez 10:30 etan irtengo da eta arratsaldez 15:00tan. Bi kasuetan kiroldegitik. Izena emateko ohiko tabernetan izango dira zerrendak eta asteartetik ostiralera mahaia izango da Sutegi sarreran.
Sortu Usurbil
https://youtu.be/MMXQmC5EvFI