Usurbilgo herriak merezitako omenaldia egingo dio urte hasieran zendu zen Joxan Artzeri. Herritarren batzorde bat sortu zen martxoan, Artze Taldea, eta ordutik egun horretarako prestaketak bideratzen aritu dira. Arte diziplina ezberdinetako hitzorduek osatuko dute sortzaile usurbildarraren aldeko omenaldiko egitaraua. Herrikoia eta parte hartzailea izatea nahi dute eguna. Tartean, besteak beste, larunbat arratsaldeko 18:30etan Dema plazan, Artzeren lanaren aitortza egiteko aukera izango da, bere poesia irakurriz edota txalaparta joaz.
Hitzorduan parte hartzeko aurrez eginiko deialdia arrakastatsua suertatu da. Hamarnaka haur, gaztetxo eta helduek eman dute izena errezitaldi honetarako. Txalapartak giroturiko poema errezitaldi herrikoia izango da Dema plazakoa, elizako hormaren aurrealdean. Bertan, Joxean Artzeren lanaren aitortza egingo da, poesia eta txalaparta uztartuz. Artze anaien txalaparta jarriko dute bertan. Artzerekiko sentimenduren bat adierazi nahi duen herritar orok, horretarako aukera izango du, Artzetarren txalaparta joz edota poema bat irakurriz.
Erregistro liburua zabalik
Artzerekiko sentimenduren bat adierazteko beste bide bat ere egongo da biharko omenaldi egunean zehar. Artze hitzez omendu eta agurtzeko Erregistro Liburua izango da nahi duen herritar ororen eskuragarri . Ekainaren 16an ere, hitzez Artze omentzeko aukera izango da beraz, aipatu liburuan.