Gogoan izango duzuenez, azaroko gastroenteritis brotea antzeman zenetik, ezin izan da edan Erroizpetik zetorren ura. Egoera laster alda daiteke. “Egunotan frogak egiten ari dira egiten herriko ur-sisteman egindako inbertsioak eta berritutako instalazioak ongi funtzionatzen dutela baieztatzeko. Hala, dena ondo bidean, egun gutxi barru, Erroizpeko uraz hornituko da berriro ere herriaren zati handi bat”, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.Iazko urte amaieran gertaturikoa errepikatzea saihesteko “neurriak hartu ditu Udalak: 90.000 euroko inbertsioa egin du, eta ur-bilketa, banaketa eta kontrol-mekanismoak nabarmen hobetu ditu”.
Gai honekin jazotakoa baliatu nahi du Udalak orain, “uraren kudeaketaren gaineko eztabaida sakona mahai-gainean jartzeko”. Bi ekimen iragarri ditu. Jada Sutegi ikusgai dagoen erakusketa eta solasaldia ekainaren 19rako, "herriko ur-sisteman egin diren hobekuntzez argibideak emateko, herriko ur-horniduraren eta saneamenduren berri emateko, eta, oro har, ur-politikez eta kudeaketaz aritzeko, gai honetan adituak diren pertsonekin".
Usurbilgo ura
-Jada Sutegiko erakusleihoan ikusgai dagoen uraren sistema herritarrei azaltzeko erakusketa informatiboa.
-Ekainak 19, solasaldia (elebitan) 18:30etan Sutegin. Parte hartzaileak: Iñaki Antigüedad (Hidrogeologiako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean), Valentin Dehesa (Elikaduraren industrian kontrol-sistemak diseinatzen aditua eta Udalaren aholkularia gai honetan), eta Xabier Arregi (Usurbilgo alkatea). Herritarrek solaskideei galderak egiteko aukera izango dute.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.