Etorkizuneko herri hondakinen kudeaketarako planaren nondik norakoak aurkeztu ditu GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 19a, 15:45

Gipuzkoarrei hondakinen kudeaketaren inguruan hitz egin, eztabaidatzea ahalbidetuko dien Hitzartu parte hartze prozesua abian da. Urte bukaeran borobilduko da, prozesu honetan landuko den hiri hondakinen kudeaketaren plana gizarteratu eta agintarien esku uztearekin batera. Plan honen gaineko xehetasunak aurreratu ditu gaur GuraSOSek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian.

"Gipuzkoako Herri Hondakinen Kudeaketa Demokratikoaren Plan Bateratzailea erredaktatzeko laguntza teknikoaren kontratazioa formalizatu du", berri eman du GuraSOSek. 35.000 euro gehi BEZ, kostu horixe izango du. 

Txostena Hitzarturen mahai teknikoak kudeatuko du, "Residua Ingenieria y Consultoria" enpresaren laguntzaz. "Prozedurak Europako irizpideak jarraituko ditu eta hondakinetan doitutako alemaniar ingenieritza batek homologatuko du". 

Hitzartu prozesu aitzindaria izango dela gogorarazi du GuraSOSek eta prozesuak emaitza gisa plazaratuko duen plana, errealista, egingarria, Europako araudiarekiko homologatua, gardena eta demokratikoa izango dela iragarri du. "Esaten dugu demokratikoa dela, agintariek demokraziaz jokatu ez zutelako, herriari parte hartze prozesua ukatu ziotelako. Beraz, herriari prozesu partehartzaile bat posible egingo dion lan demokratiko bat izango da". Aukera guztiak barne hartuko dituena, baita Zubieta gainean eraikitzen ari diren azpiegiturak beharrezkoak diren edo ez.

Herri-epaileak

Hondakinen kudeaketaren plan berriaren xehetasunak aurreratzeaz gain, urrian, Donostian eta Debagaraian  herritarrekin egingo diren bi parte hartze saio iragarri dituzte baita. Hondakinen kudeaketa plana erredaktatzeko laguntza teknikoa kontratatu duen moduan, "herri-epaile" izenez deitu dituzten bi parte hartze saio hauen planaren diseinua eta kontratazioa bideratu dituela berri eman du GuraSOSek.

30 herritarrek parte hartuko dute, "herri-epaile" izeneko saio bakoitzean. Epaile lanak egingo dituzten herritarrok ausaz aukeratuko dituzte, "neutraltasuna eta aniztasuna bermatuko duen irizpide demoskopikoekin". Epaile bakoitzak 100 euro jasoko ditu. Lau orduko jardunaldian parte hartuko dute eta gaietan adituak direnen aurkezpenen berri jasolo dute. GuraSOSek formalki gonbidatu ditu Foru Aldundia eta Mankomunitatea jarduera hauetara, haien ikuspegiaren berri emango duten adituak bidal ditzaten. 

Laguntzarako deia

Ekimen guztiok duten kostuari aurre egin eta Hitzartu prozesua aurreikusi bezala bideratu ahal izateko laguntza behar du GuraSOSek. Bakoitzak ahal duenetik laguntzera deitu dute gaur. Dagoeneko Hitzartu prozesurako 18.346,45 euro bildu dituzte. Baina laguntza gehiagoren beharrean dira. Diru ekarpenok kontu zenbakion bidez egin daitezke:

Laboral Kutxa: ES05 3035 0140 33 1400031124

Kutxabank: ES83 2095 5060 10 9117692165

Foru Aldundiari bilera eskaera

GuraSOS sortu zenetik behin eta berriz aldarrikatu izan dute, hondakinen kudeaketarekin dugun gatazka elkarrizketaren eta adostasunarezn bidez konpontu beharra dagoela. Ahal dutenero Gipuzkoako Foru Aldundiari elkarrizketarako gonbita luzatzen diote. Hala egin dute gaurko agerraldian ere. Gai honen inguruan elkarlanerako akordio bat adostu ahal izateko, eta erakunde zein herritarren artean eman den urruntzea gainditzeko biltzea eskatu diote. Gaurkoz ez dute Diputazioaren erantzunik jaso.

Ostiralero emanaldia, Zero Zona kanalean

Ekainaren 15ean estreinatu zuen GuraSOSek Youtuben, aurrerantzean herriari hitza emango dion Zero Zona ikus-entzunezko kanala. Aurrerantzean, ostiralero albistegi, elkarrizketa edota dokumentalen bat eskainiko dute bertan. Aurreko ostiraleko lehen atalean, Hitzartu prozesua, Europan aurkeztu dituzten ekimen juridikoak, edota maiatza hasieran Landaberri Ikastolan herritarrekin eginiko jardunaldi eguna hartu zuten ahotan. GuraSOSek berri eman duenez, "gune irekien metodologiarekin egindako parte-hartze jardunaldi hartan atera zen" kanal hau zabaltzeko ideia.

Hurrengo ostiraletan, medikuen elkargoko kide bati eginiko elkarrizketa, edota erraustegiaren kontratuari buruzko xehetasunak plazaratuko dituzte.  Erronka bat betetzen laguntzera animatzen gaituzte. "Baietz 50.000!". Zero Zona Kanaleko 50.000 harpidedun eta ikuskapen izatera heldu nahi dute. Albiste honi atxikia duzuen bideoa ahal bezain beste zabaldu eta partekatzeko gonbita luzatu dute. Esteka honetan klikatuta heldu zaitezkete, Zero Zona kanalera:

Zero Zona Kanala

https://youtu.be/ll3wZOpykdY

HONDAKINEN KUDEAKETAREN PLANAREN ERREDAKZIOA PAUSOZ PAUSO

Txostenaren erredakzioa 6 fasetan, "step by step" eredua baliatuz:

1.fasea: Metodologia finkatzea, honako hauek kontutan hartuz:

1.1 Erabiliko den arautegia

1.2 Txostenaren zergatia (hondakin industrialak, loiak etab.

1.3 Txostenaren helburuak (kudeaketa sistema eta azpiegiturak)

1.4 Planaren nondik norakoa (Inguruko lurraldeekin koordinaketa)

1.5 Arauei agozkien kontzeptuak (legezko definizioa eta plana erabiltzeari homogeneo zaizkionak)Fase honen helburua anbiguotasunak ekiditea da, manipulaziora eta homogeneotasunera eraman dezaketenak.

2.faseaDatuen analisia eta prognosiaren egiaztapena

2.1 Administrazioei datuen eskaera

2.2 Jasotako datuen analisia

2.3 Datuen analisiaren argitaratzea

2.4 Gipuzkoako hondakinen partzuergoak bere erabakiak hartzeko erabilitako datuen analisi alderatua

2.5 Fluxuen modelizazioa

2.6 Prognosiaren egiaztapena

Fase honen helburua orain arteko eta etorkizuneko hondakinen fluxuaren analisia egitea da. Bere hiru estadioetan zenbatuz (sorreran, tratamenduan eta amaieran). Horretarako Gipuzkoako herri guztiei eta bertako hondakin mankomunitate eta Partzuergoei informazioa eskatu zaie kudeatzen dituzten hondakinen inguruan. Hauez gain, uren partzuergoa Euskal Gobernuko ingurumen Zuzendaritzari nahiz URA uraren agentziari eta GHK nahiz Foru Aldundiko ingurumen departamentuari eskatu zaie informazio hau.

3.fasea: Kudeaketa ereduaren definizioa

3.1 Helburuen definizioa

3.2 Kudeaketa demokratikoaren eredua: Informazioa eta parte hartzea

3.3 Aurre hartze politikak (Kontsumo ohiturak)

3.4 Birziklapen politikak ( egiazko eta egiaztagarriak)

3.5 Bilketa sistemak

3.6 Sorketa prognosiaren helburuetara egokitzapena

3.7 Prognosia berriak berriko dituen fluxuen modelizazioa

Fase honen helburua hondakinen gestioaren eredua definitzea izango da eta gizarteak espero duen hondakinen kudeaketaren eredura egokitzea prognosia eta helburuak.

4.fasea: Azpiegituren ebaluaketa

4.1 Gaur egungo kudeaketaren eskemaren egiaztapena:

    4.1.1 Gaur egungo nahiz aurreikusten diren teknologia berrien erabilera

    4.1.2  Emaitzak

    4.1.3 Eragina (Gizartean, ingurugiroan eta ekonomian)

4.2 Gaur egungo eskemari egokitutako teknologia berrien aplikazioa

    4.1.2  Emaitzak

    4.1.3 Eragina (Gizartean, ingurugiroan eta ekonomian)

    4.1.4 Europako helburuak betetzen diren egiaztatzea

Fase honen helburua gaur egungo azpiegituren eta aurreikusten diren helburuen egokitasuna ebaluatzea izango da.

5.fasea: Azpiegitura beharrezko eta egokienen aukeraketa

5.1 Beharrezko azpiegituren balizko berdefinizioa: Gertakizunen plana

5.2 Eragina (Gizartean, ingurugiroan eta ekonomian)

Fase honetan azpiegituren benetako eta objektiboak diren beharrak aztertzea izango da helburua eta sinatuko diren etorkizuneko kontratu eta egingo diren azpiegitura berrien nondik norakoa eta erabilera erabakiko diren gertakizunen plana idatziko da.

6.fasea: Lurraldeko kudeaketaren antolakuntza: Administrazio konpetentzien kudeaketa.

Fase honen helburua azpiegituren zentralizazio eta deszentralizazioaren aldagaiak neurtzea izango da eta baita mugakide diren lurraldeen arteko koordinazioa; EAEn, Nafarroako Erkidegoan eta Iparraldeko Mankomunitatean. Baita konpetentzien eta koordinazioaren zehaztapena ere.