Hiru diru-laguntza deialdien oinarriak plazaratu zituen hilabete hasieran Usurbilgo Udalak: 2017-18 ikasturtean euskara ikasleentzako, behar ekonomiko bereziak dituzten euskara ikasleentzako eta ikasturte honetan zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntza deialdiak. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 25ean zabalduko dute.
Euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdia
"Usurbilgo Udalak oso garrantzitsutzat irizten dio helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari". Hori dela eta, euskara ikasleentzako beka deialdia iragarri du aurten ere. Deialdira aurkezteko bete beharreko baldintzen berri segidan:
-Usurbilen erroldatuak dauden 16 urtez gorako euskara ikasleei zuzendua.
-Ikastaroan zehar, %80ko asistentzia izatea gutxienez (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).
-Euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez, gutxieneko aprobetxamendua gainditzea.
-2017ko irailetik 2018ko abuztuaren 31ra eginiko ikastaroak lagunduko dira.
-Jaso daitekeen laguntza: %100ekoa (600 euroko mugarekin), %80ko asistentzia izan eta gutxieneko aprobetxamendua bete dutela frogatzen dutenek.
-Eskabideak: ekainaren 25etik uztailaren 6ra udal erregistroan.
Behar ekonomiko bereziak dituzten euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdia
"Usurbilgo Udalari garrantzitsua iruditzen zaio herritarrek euskara ikastea. Gero eta gehiago dira Euskaltegiko matrikula ordaintzeko arazo bereziak dituzten herritarrak. Bide honetatik, behar ekonomiko bereziak dituzten herritarrei euskara ikastea erraztu nahi zaie" eta horretarako abiatu dute diru-laguntza deialdi hau:
-Euskara ikasleei zuzenduriko diru-laguntza deialdiko irizpide orokorrak aplikatuko dira deialdi honetan ere.
-2018ko uztailetik 2019ko ekainaren 30era egindako ikastaroak lagunduko dira.
-Diru-laguntza hauetarako eskaerak Euskaltegiko matrikula egiten denean aurkeztu beharko dira. Diru-laguntzen zuriketak, 2019ko uztailaren 3tik 5era.
-Behar ekonomiko berezia duten herritarrei euskaltegiko matrikula kostua aurreratuko zaie.
-Diru-laguntza hau jaso ahal izateko, diru-sarreren gehieneko mugak, kide kopuruaren arabera, hauek izango dira:
Kide bat: 644,49 €/hilean.
2 kide: 827,59 €/hilean.
3 kide edo gehiago: 915,47 €/hilean.
Begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntza deialdia
"Usurbilgo Udaleko Euskararen Ordenantzak bere 39. artikuluan dio Udalak neurri egokiak hartuko dituela euskara gizarte esparru guztietan erabil dadin eta, oro har, gizarte bizitzan euskararen presentzia gehi dadin. Aisialdia gizarte bizitza horretako zati bat da eta gure gizartean gero eta garrantzia handiagoa duena gainera Aisialdiko begirale eta zuzendariak berariaz eta era egokian prestatua egotea garrantzitsua ikusten du udalak. Are gehiago, prestakuntza hori euskaraz jasotzea garrantzitsua iruditzen zaio udalari".
Horregatik plazaratu du diru-laguntza deialdi hau Udalak. Deialdira aurkezteko bete beharreko baldintzen berri segidan:
-Onuradunak, Usurbilen erroldaturiko 16 urtez gorako herritarrak izango dira.
-Eginiko ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea ezinbestekoa izango da.
-Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea.
-2017ko uztailetik 2018ko ekaina bitartean egin eta Eusko Jaurlaritzak homologatutako ikastaroak lagunduko dira.
-Eskabideak: ekainaren 25etik uztailaren 6ra udal erregistroan.
Informazio gehiago, ekainaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean:
2017-18 ikasturteko euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdia
Behar ekonomiko bereziak dituzten euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdia