Usurbilgo jaietako jubilatuen bazkaritarako txartelak gaurtik salgai

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 20a, 09:55

Herriko jubilatuen bilgunea izaten da Usurbilgo jaietan, Atxega Jauregian egin ohi duten bazkaria. Igandez ospatuko da aurten, uztailaren 1ean 14:00etan, leku berean, Atxega Jauregian. Txartelak gaurtik (ekainak 20) aurrera salgai izango dituzue Gizarte Zerbitzuetan eta herriko hiru jubilatu elkarteen egoitzetan: Aginagako Arraten, Santueneko Gure Elkartean eta Usurbilgo Gure Pakean. Lehenago agortzen ez badira, txartelak eskuratzeko, beranduenez, ekainaren 22ra arteko epea egongo da.

Zikiro janekoak agortuak

Dida batean bukatu ziren, ekainaren 10eko asteburuan salgai jarri eta berehala. Usurbilgo jaien baitan, hilaren 30ean 14:00etan Askatasuna plazan ospatuko den zikiro janerako lekua erreserbatzeko deiak arrakasta itzela izan du beste behin. Pentsa, egun baten bueltan tabernetan eskuragarri jarri orduko amaitu ziren txartelak.

Egitaraua ostiralean

Adi, plazaratzear du Usurbilgo Udalak, ate joka ditugun jaietako egitaraua. Ostiraletik aurrera banatuko du etxez etxe. Gogoan izan, festetako ekitaldien berri jasotzen duen gida honen diseinua hautatzeko lehiaketa bideratu zuela Jai Batzordeak. Txapelketara aurkezturiko lanen artean, Ibai Arrietak sorturikoa izan zen hautatua.