Kirol taldeek modu bateratuan agurtuko dute denboraldia

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 20a, 08:10

Aurreko denboraldira arte, kirol elkarte bakoitzak bere aldetik agurtzen zuen denboraldia urte garai honetan. Oraingoan ordea, estreinakoz eguna modu bateratuan ospatuko dute, Usurbil Futbol Taldeak, Usurbil Kirol Elkarteak eta Pagazpe Pilota Elkarteak. 2017-18 denboraldia elkarrekin agurtuko dute larunbatean (ekainak 23). Goizez, 11:00-13:00 artean jokoak iragarri dituzte herrian, “eguraldi txarra egiten badu Kiroldegian” ohartarazi dute. Eta goiza borobiltzeko bazkaria denek elkarrekin 14:00etan Askatasuna plazan. Otorduan parte hartzeko gonbita, 2006, 2007, 2008 eta 2009an jaiotakoei zuzendua dago.

Usurbil K.E.-ren denboraldi amaierako afaria

2017-18 kirol urtea ospakizun egun baten bueltan borobilduko dute urtero legez, herriko kirol taldeek. Ekainaren 23an izango da aipatu moduan. Usurbil K.E.-k, besteak beste, denboraldi amaierako afaria antolatu du 21:00etan, Usurbilgo frontoian. Txartelak salgai dituzte jada, Txiriboga, Benta, Bordatxo eta Aitzaga tabernetan; helduenak 20 eurotan, 14 urte arteko gazteenak 12 eurotan. Honako menua dastatu ahalko da: hestebete-platera, otarrainxka egosiak, txanpiak saltsan, lumagorri oilaskoa, saiheskia, letxuga eta tipula, ijito-besoa izozkiarekin, edaria, kafea eta kopa.