Hondakinen kudeaketaren eremuan, osasuna, ingurumena, ekonomia zirkularra... lehenesten ari diren toki-erakundeen arteko komunikazioa hobetu eta esperientzia, iritzi trukaketa sustatzeko, elkarlanerako eta koordinaziorako Euskal Herri mailako bilgunea aurkeztu dute asteazken goiz honetan, Hernaniko Oronan; Hobeki Elkartea. Elkartea Hernani, Larrabetzu, Gaintz-Gatzaga eta Donemiliagako udalek sortu dute, eta bilgune horretara batu dira beste hainbat udal; Segura, Zaldibia, Berriatua, Berastegi... eta Usurbil.
Gogoan izan, maiatza amaieran udalbatzak egin zuen osoko bilkuran, Usurbilgo EHBilduk, Euskal Herriko toki-erakundeen elkarte honetara batzea proposatzen zuen mozioa aurkeztu zuen. Gehiengo osoz onartu eta Hobeki Elkartearen 10 printzipioekin bat egin zuten. Albiste honetan beherago duzue dekalogoa.
Laburbilduz, osasunaren eta ingurumena zaintzea lehenetsiko du Hobeki Elkarteak hondakinen kudeaketaren arloan. Hondakinak egoki kudeatzeko herritar eta erakundeen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen dute; herritarrak ahalduntzea ere bai; hondakinak murrizten ahalegindu, eta murriztu ezin dena, berrerabili eta birziklatzea; balorizazio materiala hobesten dute "balorazizazio energetikoaren kaltetan"; azpiegitura lokalak lehenesten dituzte; eta aurrerakuntza teknologikoei duten garrantzia ematea.
Hobeki Elkartearekin bat egiten duten udalak printzipio guztiok onartu eta hondakinen politika hauen arabera garatzera konprometitzen dira. "Hobekirekin bat egiten dugun toki-erakundeok erabateko konpromisoa dugu hondakinen kudeaketa ekologiko eta arduratsuarekin, nola teorian hala praktikan". Udalerriaren unean uneko egoera jakinaraziko diote elkarteari. Udalerriko hondakinak kudeatzeko plangintzak diseinatu eta abiatuko dituzte. Eta "tratamendu finalistara doan zatia ahalik eta txikiena izateko konpromisoa hartzen da. Zabortegi konbentzionalen edo errauste-planten ordez, bestelako tratamendu jasangarriak hobetsiko dira".
Web orria
Elkartearen jarduna plazaratzeko tresna nagusia izango dena ere aurkeztu dute gaurkoan; Hobeki Elkartearen web orrialdea. Bilguneari buruzko informazioarekin batera, elkarteko kideen xehetasunak, udalen esperientzia, programa eta egitasmoak argitaratuko dituzte. Web orri bizia izatea nahi dute, "egitasmoak patrtekatzeko, elkarren berri izateko, elkar ezagutzeko tresna izango da". Urratsa eman nahi duen Udalak, Hobekide egiteko aukera izango du atari honen bidez.
Informazio gehiago, helbide honetan duzue: hobekielkartea.eus