Badatoz Usurbilgo jaiak! "Labetik" ateratzear da festetako egitaraua. Ostiral honetan (ekainak 22) plazaratuko du Udalak eta banatuko du etxez etxe. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra antolatu den ekitaldi eskaintza zabalean, besteak beste, Txosna Batzordeak deiturikoak aurkituko dituzue; kontzertuak, oilasko biltzaileak, jolasak, txapelketak, jan edana...
Festei ekin aurretik, muntaketa lanak bideratuko dituzte, ekainaren 27an. Egun horretan, aurtengoan ere Mikel Laboa plazan kokatuko den txosna gunea egokitzen laguntzera deitzen dituzte herritarrak. Bigarren deialdi bat ere plazaratu dute; aurtengoan, bi txosna kokatuko dituzte frontoi atzean. Egunero, arratsaldetik goizaldera zabalik mantendu nahi dituzte. Baina horretarako noski, herritarren laguntza beharko dute. Hiru orduko txandak egiteko jendea behar dute. Kontuan izan gainera, jai egun bat gehiago izango dutela aurtengo Santixabelek, bost festa egun guztira. Txosnetan laguntzera animatzen denak aurrez Aitzagan eman dezala izena, edo bestela, ekainaren 27ko muntaketa lanetara agertu dadila.
Jai berdinzaleagoen aldeko saioa
Jai berdinzalegoen aldeko gogoetarako espazioa sortzeko saioa antolatu dute ekainaren 26rako 17:30etan Potxoenean, Farapi kooperatibako kideekin. “Adituen laguntzaz, bakoitzaren esperientzietatik abiatuz, jakintza eta gogoetaz elikatuko gara denon artean. Garrantzitsua da gazteak gerturatzea, eta zer esanik ez Jai Batzordeetako kideak”. Hitzordua, ez bakarrik Usurbilgo jaietako antolatzaileei, auzoetako Jai Batzordeei ere zuzendua dago.