Zumarte birgaitu eta handitzeko obra kontratuaren esleipena, datorren plenoko hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 21a, 11:45

Ekainari dagokion udalbatzarraren osoko ohiko bilkura deitu dute hilabeteko azken astearterako, ekainaren 26rako alegia. Beti bezala, 18:00etan hasiko da, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Hizpideen artean, nabarmendu beharreko gaietako bat, Zumarte Musika Eskola handitu eta birgaitzeko egitasmoan, aldaketarik ez bada, emango den urrats berria eta garrantzitsua iragarri dute, Udaletik helarazi berri diguten gai zerrendan irakur dezakegunez. 

Hamarkada luzez musikarien etxea izan den Villa Pilar eraikina birgaitu eta handitzeko obra kontratuaren esleipenaz erabaki beharko du udalbatzak datorren astearteko osoko bilkuran. Gogoan izan, obren kontratazio esleipen deialdira aurkezturiko eskaintza bakarra, Construcciones Moyua SL-k eginikoa izendatu zutela eskaintza onena gisa, maiatzaren 11ko ezohiko plenoan. Udalbatzak aho batez onarturiko erabaki honen ostean, 10 eguneko epea zuen aipatu enpresak, beharrezko dokumentazioa aurkezteko eta zegokion bermea, esleipenaren %7a (114.615,98 euro) ordaintzeko. 

Construcciones Moyua SL-k aurkezturiko eskaintzak beharrezko baldintza guztiak betetzen dituela adierazi zuen osoko bilkura hartan, Xabier Arregi alkateak. Guztira, 1.981.219 euroko proposamen ekonomikoa aurkeztu du. Lanotarako aurrekontuarekin alderatuta (1.998.998,78 euro) %0,89ko jaitsiera planteatu du. Finkatutako bermeak gainditzen ditu aipatu eskaintzak. Bestalde, Moyuaren eskaintzak Gipuzkoako eraikuntza sektoreko hitzarmen kolektiboak finkatzen dituen baldintzak hobetzen ditu. Xehetasun gisa, udal gobernu taldetik berri eman zutenez, zenbait lan zehatzetarako, geotermia instalakuntzarako, intsonorizatzeko, egur lanketa berezi bat bideratzeko eta teilatu berdea eraikitzeko, enpresa espezializatuak kontratatuko dira. 

Lau urterako hitzarmena berritua

Osoko bilkura berean, Usurbilgo Udalak eta Zumarte Musika Eskolak 2014tik 4 urterako sinatua zuten hitzarmena berritzea ere aho batez onartu zuen udalbatzak. Bi aldeek maiatzaren 17an sinatu zuten lankidetza hitzarmen hau Potxoenean.

Hitzarmenak, musika eskolak jasoko duen diru-laguntza erregimena eta prekarioz utzitako lokalen erabilera arautzen du. Diru-laguntzei dagokienez, urtero 50.000 euro ematera konprometitzen da Udala, musika eskolaren aurrekontuaren %33ko ekarpena egingo du honenbestez. Gainerako laguntza, Eusko Jaurlaritzatik eta musika eskolako erabiltzaileek ordaindutako kuotetatik jasotzen dute (bakoitzaren ekarpena %33koa da). Zumarte bere aldetik, Usurbilgo Udalerrian, eta, bereziki, Usurbilgo biztanleriaren artean, musika irakaskuntza sustatzera.

Hitzarmen berritu honek, lokal baten baino gehiagoren lagapena arautuko du, dakizuenez, ikasturte hasieratik behin behinean, herriko egoitza ezberdinak baliatzen ari baitira Zumartekoak, Kale Nagusiko Villa Pilar eraikineko birgaitze lanak amaitu artean. "Hitzarmenaren iraupena Zumarte Musika eskolaren egoitzaren obrak amaitu eta ekipatu ondoren erabiltzen hasten den artekoa izango da, 2019-2020ko ikasturtea aurre ikusten delarik, hala ere gehienez ere lau urtekoa izango da".

Hitzarmen honen bidez, "Zumarte Musika Eskolak, Usurbilgo biztanleriari dagokionez, musika arloan egon daitezkeen beharrei edo hutsuneei erantzuteko ikastaroak eskainiko ditu. Horrez gain, Musika Eskolak herriari urtean bi ekitaldi eskaintzeko konpromisoa hartuko du. Bestetik, herrian gauzatzen diren hainbat ekimenetan ahal duen neurrian, parte hartzeko konpromisoa adierazten du". Udalak bere aldetik, "Musika Eskolaren bitartez musika zaletasuna bultzatu nahi du herriko haurrengan eta, horregatik, Udalaren nahia da ikasleen gehiengoa herritarra izatea. Ikasle guztiak usurbildarrak ez badira ere, herritarrek lehentasuna izango dute".

UDALBATZARRAREN OSOKO BILKURA

Eguna: ekainak 26, asteartea.

Ordua: 18:00.

Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Gai zerrenda:

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena:

* 2018/04/24ko ohiko bilkura.

* 2018/05/10eko ezohiko bilkura.

2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2018ko maiatzaren 21etik ekainaren 15era (2018/0529- 2018/0688).

3.- Alkatetzako 2018/0595 dekretuaren berri ematea.

4.- EUDEL eta HAEErekin batera, Administrazio-izapideen eskuliburua egiteko atxikitze konpromezua hartzea.

5.- Usurbilgo Udalaren 2017 ekitaldiko Kontu Orokorra behin betirako onartzea.

6.- Udalak hilerri berrian eskainitako hilobien gaineko eskubideak esleitzea (10. lotea).

7.- Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obra kontratuaren esleipena.

8.- Galdera-eskaerak.