Elkarretaratzea gaur, Iruñeako talde bortxaketaren egileak aske uztearen aurka

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 22a, 06:28

Usurbilgo Sortuk urgentziaz deitu berri du ostiral arratsalderako (ekainak 22) elkarretaratzea, 19:30etan Mikel Laboa plazan, Nafarroako Auzitegiak 2016ko Iruñeako San Ferminetako talde bortxaketaren egileak askea uztea agindu ostean. Behin betiko epaia heldu arte, baldintzapean aske utziko ditu 6.000 euroko fidantzapean. Defentsaren abokatuak asteleheneko epaiketan eskaturikoa aintzakotzat hartu du honenbestez epaimahaiak. Fiskaltzak eta herri akusazioak behin behineko espetxealdia luzatzea eskatu zuten bost gizon hauentzat.

Nafarroako Auzitegiak hartutako erabakiaren aurrean hiriburuetan elkarretaratzeak deitu dituzte ostegun honetan. Bihar, ostirala, herrien txanda. Elkarretaratzea ekainaren 22an 19:30etan Mikel Laboa plazan, Sortu Usurbilek deituta. Mobilizatzera deitu dituzte usurbildarrak. "Amorrua antolatu eta kalera! Justizia patriarkalari /z erantzun diezaiogun, elkarretaratzea bihar Usurbilgo Mikel Laboa plazan", Ernai Usurbilek sare sozialen bidez ohartarazi dutenez.

Nafarroako Auzitegiak hartutako erabaki bat amorru eta aurkakotasun nabaria eragiten ari da gizartean bigarrenez. Apirila amaieran kaleratu zuten hain zuzen, auzi honi buruzko epaia. Sexu abusu delituagatik bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri zieten. Bortxaketa deliturik ez zioten egotzi bost gizon hauei. Hiru epaileetako bat gainera, zigorrik ez, bost gizonak absolbitzearen alde agertu zen. Haserrea eta sumindura eragin zuen epaiak. Beste hainbat lekutan bezala, epai honen aurkako mobilizazioa deitu zen Usurbilen. Jendetza batu zuen. Honako adierazpena plazaratu zen:

ADIERAZPENA

Gaur eguerdian kaleratu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2016ko Sanferminetan taldean bortxatu zuten emakumeari buruzko epaia.

Bai, bortxaketa diogu, eta ez sexu abusu soila, epaileek adierazi modura.

Nazka, amorrua, inpotentzia, sinestu ezina, beldurra... sentitu dugu epaiaren berri izan bezain pronto. Epaile horien iritziz, ez zen bortxaketarik izan, ez zen erasorik izan, ez zen indarkeriarik izan. Sexu abusua izan omen zen, eta horregatik 9 urteko espetxe zigorra baino ez diete ezarri, eta 50.000 euroko kalte-ordaina. Gainera, hiru epailetik batek boto partikularra eman du, 20 urteko neska bortxatu zuten bost gizonak absolbitzeko eskatuz. Are sinesgaitzagoa.

Desberdintasuna, abusu eta eraso edo bortxaketaren artekoa, lengoaia juridiko tranpatiaren arabera, emakumeak jarritako erresistentzian datza: gizonek indarkeria fisikorik erabili ez zutenez euren zakilak neskaren gorputzean sartzeko, hori ez baita, nonbait, indarkeria, ez zen bortxaketa izan.

Noren eskuetan dago justizia? Justiziarik bada, behintzat?

Ze legek babesten gaituzte?

Erasoaren ardura neskaren gain utzi dute, izan ere, emakumeak jarritako erresistentziaren arabera gertatutakoa baitzen bortxaketa deliturako behar den indarkeria hori. Ikuspegi matxista, inondik inora. 

Indarkeria neurtzeko termometro ezberdinak, zalantzarik gabe.

Gaur, justu, beste epaiketa batean, Auzitegi Nazionalean fiskala entzun dugu 50 urteko espetxe zigorra eskatzen, ustez guardia zibil bat jotzeagatik. Ustez diogu, hori bera ere zalantzan jarri baitu epaiketak. Baina, guardia zibil bati 9 urteko espetxe zigorra ezartzen diote emakume bat bortxatzeagatik.

Babesgabetasun juridikoa ere... gero emakumeei salatu behar dela esan, bueltan halakoak jasotzeko: doble erasotzen dira emakumeak. 

Edonola ere, nik sinesten zaitut. Guk sinesten zaitugu. Gure lekukotzek sinesgarritasun osoa dute. Badirudi ez duela garrantziarik nik edo zuk ez sinesteak. Baina, bai: gure babeslekua da, indarra ematen digu sinestuak izateak. Gure pilula da, oinaze sakon honi aurre egiteko. Sinesten dugula zabaldu behar dugu hitzez eta ekintzez, sistematikoki gure hitzak eta geure ekintzak susmopean daudelako oraindik, ez esan eta egiten dugunagatik, garenarengatik baizik: emakumeak garelako. 

Hain zaila da ulertzea ezetz ezetz dela? Emakumeok libre eta aske bizitzeko eskubidea dugu. 

Usurbilgo Ezker Abertzaletik, beste behin ere, ozen esan nahi dugu. Guk sinesten zaitugu! Guk sinesten zaituztegu!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA