Ikasturte amaiera, oporren hasiera, eta jaiak! Festen zurrunbiloan murgilduko gara gaurtik Kalezarren. Hemen dugu San Joanen asteburua. Buruhandi, dantzari eta auzotarren arteko jokoekin ekingo diote festari ostiral honetan. Eta iluntzean, San Joanak beste era batera bizitzeko proposamen berri bat; Kalezar-Andatza-Kalezar BTT irteera.
Bizikletan, naturaren gaueko edertasunaz gozatzera
Jaiak bestela bizi eta ospatzeko modu ezinhobea, abiatzear diren Kalezarko San Juanetan. Gutxitan izan dezakegun aukera jarri digu eskura Jai Batzordeak; naturaren gaueko edertasunaz gozatzera irtetekoa. Txangoa programatu dute ostiral iluntze eta gau parte honetarako (ekainak 22). Kalezarko plazan hasi eta bukatuko den itzulian, bizikleta gainean Andatzako buelta egitera animatzen dituzte herritarrak.
21:00etan abiatuko dira jai eremutik, auzoko plazatik alegia, bizikleta gainean. “Helburua ez da erabat ilunpean abiatzea”. Bizkarretik barrena, Santuenea aldera jo eta handik, aldaketarik ez bada, Txokoaldeko Guardetxe alderako bidea hartuko dute, eta handik Andatzarantz “igoera lasaiena denez. Gero ikusiko dugu buzoieraino ailegatu edo Ziortza aldera joango garen”. Handi behera gero, Kalezarrera buelta. Guztira, pare bat orduko txangoa izango ad. “Kalezarrera itzultzean, jaietan pote bat hartuz” amaituko dute bira.
Taldean eta lasaitasunez
Txangorako ez da izena aurrez eman beharrik izango. Hitzordura agertzea aski izango da. Birarako eraman beharrekoak; mendirako bizikleta noski, eta bidea argitzen laguntzeko argiztapen “frontala”. Bizikletak berak ere argiztapen propioa badu hobe. Halere antolatzaileek ohartarazi dutenez, “ez da argi faltarik izango, denok batera joango gara”.
Horixe baita helburua, taldean lasai joatea. Ez da izango irteera lehiakorra, nor azkarrago joan neurtzeko txangoa. Parte hartzaileen gogo eta gaitasunera egokituko den bira herrikoia baizik. Beharrezko segurtasun baldintzak beteta egingo dute itzulia. “Helburua gozatzea da, ondo pasatzea, festak beste era batera ospatzea”, adierazi dute antolatzaileek.
Natura bizia, gauez
Proba moduan antolatu dute jaien baitan hitzordu hau, “agian ohitura bihurtzen da etorkizunean”. Polita litzateke, antolatzaileen esanetan. Bizikleta gaineko irteera honek, inguru hurbilean dugun inguruneaz gozatzeko aukera eskainiko duelako, gutxitan ez bezala, gauez. “Andatzan gauez ibiltzeak bere puntu erromantikoa du. Gauez parajeak oso desberdinak dira. Isiltasuna izaten da. Bestelako soinuak entzuteak bere xarma du. Egunez ezkutuan diren animaliak ikusteko aukera ederra dago; baxurde txikiak, orkatzak… Beti zerbait agertzen da”, diote antolatzaileen esanetan.
Irteera antolatzen dabilen taldea, aurrez ibilia da noski parajeotan, ilunabar eta gau partean. 15 edo 20 lagun bildu izan dira. Taldetxoak Kalezarko Jai Batzordeari proposatu zion ekimena egitarauan txertatzea, eta estreinakoz San Juanetako ospakizunen artean iragarri dute.“Ohituak gaude. Badakigu nondik eta nola sartu”, adierazi diote NOAUA!ri. Jendeari lasai animatzeko gonbita luzatzen diete. “Ez du arriskurik. Probatzeko gogoa duenak etor dadila lasai”, animatzen dituzte herritarrak.
KALEZARKO SAN JUAN JAIAK
Ekainak 22, ostirala
16:00 Buruhandiak.
17:00 Herriko dantzariak.
Ondoren, auzotarren arteko jokoak.
21:00 Kalezar-Andatza-Kalezar BTT gauez.
22:30 Elektropapo, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
23:30 Txosnaren irekiera.
00:00 Fan&Go taldearekin dantzaldia.
Ekainak 23, larunbata:
San Juan bezpera eta Oilasko Biltzaileen Eguna
10:00 Oilasko-biltzaile txikien irteera.
14:00 Oilasko-biltzaileen bazkaria (tiketak Kaffa kafetegian eros daitezke ekainaren 15etik 21era bitartean).
15:00 San Juan eskearen irteera.
16:00 Musa (izen ematea 15:30ean itxiko da)
22:00 San Juan Sua.
Ondoren, eskearen jarraipena.
00:00 Txosnaren irekiera.
Ondoren, Dj Gude.
Ekainak 24, igandea
San Juan Eguna eta Umeen Eguna
10:00 XVI. Ume Krosa.
10:30 Meza nagusia.
11:00 Jolasak.
Ondoren, toka.
13:00 “Gorritiren showa”.
16:00 Tailerrak.
18:00 Txokolatada.
Ondoren, buruhandiak.
18:30 Ttipika Taldearekin dantzaldia.
Ondoren, sardina eta sagardo dastaketa “Saizar” sagardotegiaren eskutik.
Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.
Oharra: Jai Batzordea ez da jaietan gerta daitezkeen istripu edo ezbeharrez arduratuko.