Ibai Arrietak diseinatu du Usurbilgo jaietako egitaraua

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 22a, 12:45

Urte luzez gertatu den moduan, aurtengoan ere herri sorkuntzaren emaitza da Santixabeletako ekitaldien eskaintza plazaratzen duen egitaraua. Dakizuenez, Jai Batzordeak diseinu lehiaketa deitzen du urtero. 20 lan aurkeztu dira aurtengoan. Bakarrak behar zuen irabazlea. Epaimahaiak Ibai Arrietarena saritu du. Zorionak!  

Iaz eta aurten, bitan aurkeztu eta bitan irabazi du Arrietak txapelketa. “Aurten iaz baino errazagoa egin zait. Nahiko barneratua nuen zer izan behar zuen. Hainbat ideia ordenatuak nituen buruan”, adierazi dio NOAUA!ri.

Dantzan

Herrian askok jakin eta ikusiko zuten moduan, argazkilaria da Ibai. Egitarauaren diseinu lana, aurreko urteetako jaietako irudietan oinarritu du. “Diseinua argazkietatik abiatzen dut”, adierazi digu. Aurtengoan bereziki herritarrak dantzan ageri diren argazkiak nabarmendu nahi izan ditu; soka dantza, oilasko biltzaileak dantzan… Txuri beltzeko irudiak izanik, jai egun bakoitzari bestelako kolorea eman nahi izan dio, “festa anitz eta koloretsuak” islatzeko.

Bitan aurkeztu eta bitan irabazita, 2019an hirugarren saiakera bat egingo duen galdetu diogu Arrietari. “Materiala badago, baldintzak onak izan eta denbora izanez gero, egingo da”, iragarri digu.