Babes zabala jaso zuen Aitor Arangurenek, irabazi egin zuen bere debut profesionalean

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 25a, 14:27

Aitor Aranguren aginagarraren debuterako ikusmina bazen. Eta eguna helduta, herri kideek ez zuten huts egin Asegarce enpresarekin ekainaren 23an Tolosako Beotibar pilotalekuan izan zuen estreinako neurketan. Aginagako ordezkaritza zabala bertaratu zen Aranguren babestu eta animatzera. Hasiera ezinhobea izan du. Olaizola II.arekin, Artola eta Ibai Zabalaren aurka izandako partida 22-20 irabazi zuen. Zorionak! Irudia: Oxkar Santamaria.

Aginagako hiru profesional

Aginagako bere lagunek eta senideek eskertza ohar bat igorri dute NOAUA!ra: "Larunbatean, ekainak 23, izan genuen Aitor Arangurenen debuta Tolosako Beotibar pilotalekuan. Aitor hirugarren aginagarra da, Joxe Mari Galarraga eta Jabier Bereziartuaren ondoren, pilotari profesional izatera iritsi dena.

Larunbatekoa emozioz beteriko eguna izan zen Aitorrentzat eta bertara ikustera joan ginen guztientzat ere. Aitorrek Aimar Olaizolarekin osatu zuen bikotea, Artola eta Ibai Zabalaren aurka lehiatzeko. Partida polit eta lehiakorra ikusteko aukera izan genuen, eta denok pozarren hartu genuen Aitor eta Aimarren 22-20ko garaipena.

Jende asko hurbildu zen larunbat arratsaldean Tolosako Beotibarrera eta Aitorrek animo asko izan zituen, bere ibilbide berriaren hasiera ahalik eta egokien has zezan. Halaxe izan ere, Aitorrek ederki hasi du profesionaletako ibilbide hau, eta seguru horrela edo hobeto jarraituko duela. Zorionak Aitor eta mila esker bertara hurbildu zineten guztiei, eta baita etxetik ere animatzen aritu zineten guztioi ere!".

Irudia: Oxkar Santamaria.