Kirol hitzordu ugari iragarri dira abiatzear diren Usurbilgo jaietarako. Astearte honetan (ekainak 26) jokatuko dira, 17:30etan hasita pala txapelketen finalak eta kirol egokituaren erakustaldia ere izango da. Santixabel Egunez ospatuko dira bestalde, gizonezkoen eskupilota txapelketako finalak, 17:30etan frontoian. Egun berean ospatuko dira, haur, gazte nahiz helduei zuzenduriko bola txapelketak.
Gainerako kirol ekintza guztiak astebururako iragarri dira. Larunbatean (ekainak 30) urpekaritza saioa 11:30etan Oiardo Kiroldegian. Ordu erdi lehenago abiatuko da haurrentzako BTT bizikleta irteera Mikel Laboa plazatik. Ez ahaztu bizikletaz gain, kaskoa eramateaz!
Biharamunean, igandean herri kirolen eguna ospatuko da. Eguerdi partean, 12:30etan hasita, Euskal Herriko emakume harri-jasotzaile eta aizkolarien txapelketa ospatuko da. Arratsaldez berriz, emakumezkoen giza-proba eta idi-dema.
Kirol hitzorduen eskaintza
Ekainak 26, asteartea
17:30 Pala Txapelketa. Kirol egokituen erakustaldia, emakumezkoen finala eta gizonezkoen finala.
Ekainak 30, larunbata
11:00 Haurrentzako BTT bizikleta irteera Mikel Laboa plazatik.
11:30 Urpekaritza Kiroldegian.
Uztailak 1, igandea
11:00 Helduentzako Santixabel Bola Txapelketa irekia.
12:30 Herri-kirolak. Euskal Herriko emakume harri-jasotzaile eta aizkolarien txapelketa.
16:30 Haur eta gazteentzako Santixabel Bola Txapelketa.
18:30 Herri-kirolak: idi-dema eta emakumezkoen giza-proba.
Uztailak 2, astelehena
17:30 Gizonezkoen Esku Pilota Txapelketako finalak.