Haur eta gaztetxoei zuzenduriko hitzorduak egunero jaiotan

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 26a, 09:22

Haur eta gaztetxoei zuzenduriko egun bakarra izan beharrean, adin tarte honetako herritarrentzako eskaintza bi egunetara zabaltzeko urratsa eman zuten iaz, Umeen Eguna antolatzen ari diren gurasoek. Iazko apustua berretsi dute aurten ere. Hartara, festetako lehen egunean, ekainaren 28an Jolas Parkea antolatu dute frontoian, 6-12 adin tartekoentzat. Eta biharamunean, ostiralean, Umeen Egun handia. Bada berrikuntzarik aurtengoan. Etxetik eramandako janariarekin frontoian txikientzat antolatu den lagun arteko bazkariaren ostean, mikrofonoa hartu eta abesteko aukera izango dute. Ongi entzun duzue bai, Haurren Egun honetan karaokea izango da frontoian.

Izen ematea

Adi bestalde antolakuntzak luzatutako oharrari. Ostiral goizez ospatuko diren LH 1-4 mailakoentzako Ginkanan eta LH5-DBH2 maila arteko gaztetxoentzako Erronkan izena eman ez duenak, inskripzioa telefono zenbaki honetara mezu bat helarazita bidera dezake: 620 565 731. Txikien egun handia ohi bezala, goizeko 10:00etan hasiko dute ereserkia abestuz eta dantzatuz. Ez ahaztu jaietako zapi koadrodun urdina eramateaz!

Prezio bereziak atrakzioetan

Anbulatorio ondoko aparkalekua jai gunean bilakatuko zaigu egunotan, festez gozatzeko atrakzio bat baino gehiagorekin. Jai Batzordetik aditzera eman dutenez, prezio bereziak izango dituzte festetako bi egunotan; ostiral honetako Haurren Egunean, ekainaren 29an alegia. Eta festak bukatu eta biharamunean, uztailaren 3an. Santixabelak egun bat beranduago amaituko dira honenbestez, Kiroldegi pareko jolas-parkean.

Haurren Egun handia ostiralez ospatuko bada ere, ume eta gaztetxoei zuzenduriko ekitaldiak egunero izango dituzte abiatzear diren jaiotan: 

HAUR ETA GAZTETXOEI ZUZENDURIKO JAIETAKO ESKAINTZA

Ekainak 28, osteguna

10:00-13:30 Jolas Parkea frontoian (6-12 urte bitartekoentzat).

15:30 Haur eta gaztetxoentzako Pintura Lehiaketa (materiala bertan banatuko da). Gaia: “Zein lorerekin apainduko zenituzke Usurbilgo lorategiak?”.

Ondoren, pintura lehiaketako sari-banaketa.

Txupinazoaren ostean, buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Ekainak 29, ostirala

10:00 Ume-gazteei harrera. Zatoz, koadrodun zapi urdina jantzita duzula, haurren eguneko abestia dantzatzera!

Egunean zehar, Txu Txu trena.

10:00-13:30 Jolas parkea frontoian (6 urte artekoentzat).

10:30-12:30 Ginkana (LH1etik LH4ra bitartean).

10:30-12:30 Gaztetxoentzako erronka (LH5etik DBH2 artekoentzat).

12:30 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.

13:30 Umeen lagunarteko bazkaria frontoian (norberak ekarrita).

14:30 Karaoketa frontoian.

17:30 Txokolatea Askatasuna plazan.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.

Ekainak 30, larunbata

11:00 Haurrentzako BTT bizikleta irteera Mikel Laboa plazatik.

11:30 Urpekaritza Kiroldegian.

16:00 Xakea txosnetan.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Uztailak 1, igandea

11:00-14:00 Erraldoi eta buruhandien 3. Topaketa.

12:00 Buruhandiak dultzaineroekin.

16:30 Haur eta gazteentzako Santixabel Bola Txapelketa.

Uztailak 2, astelehena

12:30 Buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

18:00 Gaztetxoenzako Auntoke txapelketa txosnetan.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak dultzaineroekin.