Ugaitz Agirrek bere "Tximeletak bizkarrean" estreinako nobela aurkeztuko du gaur Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 27a, 06:18

"Tximeletak bizkarrean" (Susa), hala du izena Ugaitz Agirreren lehen nobelak. Ekainaren 12an aurkeztu zuen Donostian, hedabideen eta lagunen aurrean. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue prentsaurrekoko irudi eta adierazpenak.

Herri mailako aurkezpena eskainiko du orain Agirrek. Sutegi udal liburutegian izango da, asteazken honetan (ekainak 27) 19:00etan hasiko den ekitaldian.

Hementxe duzue liburuko istorioaren aurrerapentxoa.  "Sara Historia irakaslea da Florentziako unibertsitatean. Ikasturteko lehenengo egunean istripu txiki bat izango du, iraganeko ezbehar bat gogora ekarriko diona. Ahizpak deituko dio egun berean, eta aitari azken bisita egitera itzuliko da jaioterrira. Baina gaztaroko mamuekin egingo du topo han. Sarak urteetan gorde du Kataluniatik ihes egiteko erabakiaren arrazoia, baina nobela autobiografikoa idaztea erabaki duenez, bere bizitzaren puzzlea osatzen hasiko da pixkanaka. Ugaitz Agirrek iraganaren zama, genero harremanak, identitatea ditu kontagai bere aurreneko nobelan".

Argitalpen eguna: 2018ko maiatzak 31.

Generoa: narratiba.

Orriak: 192.

Argitaletxea: Susa.