Gautxorientzako albistea segidan. Abiatzear ditugun Usurbilgo jaietan parrandarako hamaika aitzakia izango da. Egitaraua eskutan, nabarmentzekoa da aurtengoan herriko musikarien alde egin den apustua. Santixabeletako protagonisten artean aurkituko ditugu. Albiste iturri izango ditugu arrazoi ezberdinengatik. Festa hauetan itzulera baten lekuko izango baikara; 5 urteko etenaldiaren ostean, Mendeku Itxua bueltan datorkigu jaiotan.
Erromeria giroa piztuko duen talde berri baten plazaratzea ere biziko dugu; Larrian Gozorena. Eta berriki, talde mitiko batek fitxatu duen usurbildar bat ere oholtza gainean ikusiko dugu; ia hiru hamarkadako ibilbidea osatua duen Laiotzek Manex Torrealdai usurbildarra fitxatu baitu abian duten udako birarako.
Herritarrez osaturiko musika taldeak batu behar zaizkie; Odolaren Mintzoa, Rukula, Zaparra... Txosnetan zein frontoian, usurbildarrak parranda gauak girotzen jaiotan.
Bertsio Gau eraberritua
Herritarrek protagonismo argia izango duten ekitaldi eskaintza zabala antolatu dute jaiotarako txosnetan. Etxekoen aldeko apustua egin dute jaietako gauetarako. Txosnetako oholtza gainean ikusiko ditugu Eromeria, Odolaren Mintzoa, Rukula, Zaparra, Larrian Gozo… Eta frontoian, Mendeku Itxuaren itzulera! Baina herriko musikariez gozatzeko beste hitzordu bat ere izango da. Aspaldiko parte hartze handiena sustatu eta talde ezagunen abestiak musikari usurbildarren ahotsean jartzen dituen Bertsio Gaua, mistoa aurten.
Aurrez egin duten lanketaren emaitza izan da. Ernai gazte erakundeak musika eta generoaren inguruan egindako topaketetatik sortu zen ideia, bertsio gau mistoa antolatzearena. Nesken parte hartzea sustatu nahi zuten. Abestiak bertsionatuko zituen usurbildarren musikari taldeak neska mutilez osatuak izateko deia egin zuten. Parte hartzea agian jaitsiko zela uste izan arren, azkenean ez, “oso erantzun ona egon da. Jende desberdin asko, neska berri piloa animatu dira”.
15 bat talde osatu dira, aurreko edizioetan 10 bat osatzen zirenean. Pentsa, parte hartzean izan den gorakadak Bertsio Gaua azkenean ordubete aurreratu beharra ekarri du (ekainak 28, 22:00) eta talde bakoitzak 4 abesti jotzea aurreikusten bazuten ere, emanaldi bakoitza hiru kantetara murriztu beharra.
Ekitaldia gainera, musika estilo gehiagora zabaltzea erabaki dute. “Aniztasun gehiago” eta aberatsagoa izango da Bertsio Gau Mistoa. Eredu aldaketa hau abiapuntutzat hartzen du Txosna Batzordeak. Aurrera begira ordea, erronka argia dute. “Hurrengo urteetan ekitaldiak izaera mistoa izan behar duela gogorarazi beharrik ez izatea” nahi lukete.
KONTZERTU GAUAK
Ekainak 28, osteguna
22:00 Bertsio gaua txosnagunean.
Ekainak 29, ostirala
23:00 Bide Batez berbena frontoian.
02:00 Rude Pride eta Eromeria txosnetan.
Ekainak 30, larunbata
23:30 Kontzertua frontoian: Juantxo Skalari eta la Rude Band+Mendeku Itxua.
02:30 Bad Sound System txosnetan.
Uztailak 1, igandea
00:00 Berbena frontoian: Laiotz.
02:30 Odolaren Mintzoa eta Rukula txosnetan.
Uztailak 2, astelehena
00:00 Zaparra eta Larrian Gozo erromeria txosnetan.