Gaztain erretzaile eta saltzaile solidarioek jaurtiko dute, jaien hasierako suziria

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 27a, 12:31

15 urte daramatzate gaztainak erre eta salduz, hainbat eragile, elkarte laguntzen, udazken edota negu partean herrian antolatu izan diren ekitaldi ezberdinetan. Talde izaera badute noski, baina lagun koadrila dira. Egin izan duten urteetako lan isilagatik herriak orain eskertu nahi duen usurbildar lagun koadrila solidarioa.

Txupinazoa jaurtitzeko hautaketarako Jai Batzordeak herri mailan bideratu duen bozketan izan dira aukeratuak. Ostegun honetan (ekainak 28) 19:00etan udaletxeko balkoian ikusiko ditugu, albiste honen eta aurtengo Santixabelen hasierako protagonistak izango ditugun herritarrok: Iñaki Astiasuinzarra Irastorza, Xabier Iribar Amigorena, Raimundo Lizarreta Gorriti, Juantxo Esnaola Etxabe eta Ramon Agirre Arruti. 

Udaletxeko plazara gerturatuta esker ona adierazi eta txalotzeko aukera izango da beraz bihar.

Jaien hasiera aldarrikatzailea

Txupinazo aldarrikatzailea izango da. Batetik, jada eraikitze lanak aurrerabidean diren honetan, erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu du Txosna Batzordeak ostegunerako (ekainak 28). 18:30etan abiatuko da, Mikel Laboa plazako txosnen eremutik. Kaxkoko kaleak zeharkatu ostean, txupinazoa jaurtiko duen udaletxe aurreko plazan amaituko da.

Gogoan izan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenak betetzen badira, hauek izan litezke, erraustegia eraiki aurreko Usurbilgo azken festak. Urtebete barru, garai honetan eraikia eta probetan izan dezakete Zubieta gaineko planta. Eta udazkenerako martxan izatea nahi dute.

Horrekin batera, txupinazo eguna Ekainaren 28a izango da, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna, LGBTIQ+ kolektiboaren eskubideen aldarrikapen eguna. Horren harira, lazo bat ere esekiko du Udalak, txupinazoa jaurtiko den eremuan.

Euskaraldia

Azkenik, duela aste batzuetatik Euskaraldia ekimena plazatzeari ekin zion, urte amaierako Euskal Herri mailako ekimenaren antolaketa lanetan murgildua dabilen talde eragileak. Adi jaiotako txupinazoari. Jaietan zehar bestalde, Euskaraldia presente izango da kartelen bidez. Euskaraldiaren xehetasunak bildu eta “Ahobizi” nahiz “Belarriprest” gisara parte hartzeko gonbita luzatzen duten eskuorriak banatuko dira. Santixabelak igarota, antolaketa lanei segida emango diete Euskaraldiaren Usurbilgo sustatzaileek. Hurrengo hitzordua, uztailaren 5erako deitu dute, 18:00etan Potxoenean. Batzar irekia, Euskaraldia diseinatzen antolatu nahi duen norbanako nahiz eragile ororentzat.

Lepokoa ahaztu gabe

Jaietan gaudela nabari dadila egunotan. Ez ahaztu lepondoa ere apaintzeaz. Atera armairuan izango duzuen zapi urdin koadroduna. Beste hainbat ospakizunetan baliatuko zenuten hori. Lepondoan jarrita eta festara! Hortxe azken urteoan antzera, Jai Batzordeak Santixabelei begira luzatu duen gonbita.

USURBILGO JAIEN HASIERA

Ekainak 28, osteguna

06:00 Oilasko-biltzaileen gosaria eta irteera, txosnetatik abiatuta.

10:00-13:30 Jolas Parkea frontoian (6-12 urte bitartekoentzat).

14:00 Oilasko-biltzaileen itzulera eta bazkaria.

Ondoren, oilasko-biltzaileen jolasak.

15:30 Haur eta gaztetxoentzako 16. Pintura Lehiaketa (materiala bertan banatuko da).

Ondoren, pintura lehiaketako sari-banaketa.

18:30 Erraustegiaren aurkako manifestazioa txosnetatik abiatuta.

19:00 Txupinazoa eta ikurrinaren igoera udaletxetik, gaztain-erretzaileen eskutik.

Ondoren, buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Arriketai txaranga.

Jarraian, herriko dantzarien emanaldia frontoian.

22:00 Bertsio gaua txosnagunean.