Udaberri ukituko gaia, jaietako 16. Marrazki Lehiaketan

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 28a, 08:27

Sortzaileen herria dugu Usurbilgoa, sormenari bidea emateko ekimen bat baino gehiago antolatzen da herrian. Jaietan ere bai. Arrakasta itzela izaten du haur eta gaztetxoen artean, dagoeneko hamaseigarren ediziora heldu den Santixabeletako Pintura Lehiaketak. Ate joka ditugun festetako aurtengo edizioa, ekainaren 28an ospatuko da, 15:30etan hasita frontoian. Udaberri giro beteko gaia hautatu dute aurtengorako: “Zein lorerekin apainduko zenituzke Usurbilgo lorategiak?”.

Galderak sorrarazten diena marrazki bidez erantzuteko aukera izango dute 2-16 urte arteko haur eta gaztetxoek. Urtero moduan, ekimen honetan parte hartzeko beharrezko materiala frontoian bertan banatuko da, “hala ere, komeni da orriaren azpialdean jartzeko euskarriren bat ekartzea (karpetaren bat edo liburua…). Nahi izanez gero, pintatzeko materiala etxetik ekar daiteke”.

Materiala eskutan, norberak bere lekua hartu eta eman bide sormenari. Marrazki guztiak erakusgai jarriko dira segidan pilotalekuan, besteak beste, bertaratzen direnez gain, epaimahaiko kideek baloratu eta azken erabakia har dezaten. Segidan ospatuko baita sari banaketa. “Lehiaketa irabazten duzuenok pinturako materiala eta diploma eskuratuko dituzue”. Guztira 11 sari banatuko dira: 2,3,4 urte dituztenen artean sari bat; 5-13 urte arteko lehiakideen artean urte bakoitzeko sari bat; 14, 15 eta 16 urte dituztenen artean beste sari bat.

Aldaketarik ez bada, eta aurreko urteetako ohiturari eutsiz, 16. Pintura Lehiaketako marrazki sarituak Sutegiko erakustaretoan jarriko dituzte ikusgai lehiaketa amaitu ostean.

Iazko edizioa

Iaz, zuhaitzik ederrena marraztea izan zuten erronka. Ondoko gaztetxo taldea saritu zuten:

Sarituak:

2,3,4 urtekoen artean: Beñat Lasa.

5 urtekoen artean: Ainhoa Villafafila.

6 urtekoen artean: Eñaut Soroa.

7 urtekoen artean: Intza Zaldua.

8 urtekoen artean: Nora Pagola.

9 urtekoen artean: Maddi Aranguren Carbayeda.

10 urtekoen artean: Uxune Azkue.

11 urtekoen artean: Peru Agirresarobe.

12 urtekoen artean: Araia Soroa.

13 urtekoen artean: Ainhoa Zabaleta.

14, 15 eta 16 urtekoen artean: Unax Pagola, Enara Egizabal eta Eñaut Pagolak taldean eginiko lana.

HAUR ETA GAZTETXOEI ZUZENDURIKO JAIETAKO ESKAINTZA

Ekainak 28, osteguna

10:00-13:30 Jolas Parkea frontoian (6-12 urte bitartekoentzat).

15:30 Haur eta gaztetxoentzako Pintura Lehiaketa (materiala bertan banatuko da). Gaia: “Zein lorerekin apainduko zenituzke Usurbilgo lorategiak?”.

Ondoren, pintura lehiaketako sari-banaketa.

Txupinazoaren ostean, buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Ekainak 29, ostirala

10:00 Ume-gazteei harrera. Zatoz, koadrodun zapi urdina jantzita duzula, haurren eguneko abestia dantzatzera!

Egunean zehar, Txu Txu trena.

10:00-13:30 Jolas parkea frontoian (6 urte artekoentzat).

10:30-12:30 Ginkana (LH1etik LH4ra bitartean).

10:30-12:30 Gaztetxoentzako erronka (LH5etik DBH2 artekoentzat).

12:30 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.

13:30 Umeen lagunarteko bazkaria frontoian (norberak ekarrita).

14:30 Karaoketa frontoian.

17:30 Txokolatea Askatasuna plazan.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.

Ekainak 30, larunbata

11:00 Haurrentzako BTT bizikleta irteera Mikel Laboa plazatik.

11:30 Urpekaritza Kiroldegian.

16:00 Xakea txosnetan.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Uztailak 1, igandea

11:00-14:00 Erraldoi eta buruhandien 3. Topaketa.

12:00 Buruhandiak dultzaineroekin.

16:30 Haur eta gazteentzako Santixabel Bola Txapelketa.

Uztailak 2, astelehena

12:30 Buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

18:00 Gaztetxoenzako Auntoke txapelketa txosnetan.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak dultzaineroekin.