Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko aurrez eginiko obren kontratazio deialdira eskaintza bakarra aurkeztu eta huraxe izendatu zuten eskaintza ekonomiko onena bezala, maiatza hasieran udalbatzak egin zuen ezohiko osoko bilkuran; Construcciones Moyua S.L.-rena. Gero 10 eguneko epea izan zuen aipatu enpresak beharrezko agiriak aurkezteko. Tramite hau egoki bete ostean, musika eskolaren eraikina birgaitu eta handitzeko lanak aipatu enpresari esleitzeko proposamena eraman zuen udal gobernu taldeak asteartean egin zuten osoko ohiko bilkurara. Aho batez onartu zuten udal ordezkari guztiek. Guztira, 1.981.219,02 euroko inbertsioa (%21eko BEZ barne) bideratuko du Udalak egitasmo honetara.
Erroizpeko ura, berriz edaten hasteko moduan
Azaroko gastroenteritis brotea detektatu zenetik, etenda egonda Erroizpetik zetorren ur hornidura. Gutxi barru ordea, egoera bere onera itzuliko dela iragarri zuen udal gobernu taldeak, astearteko udalbatzaren osoko ohiko bilkuran. Beharrezko hobekuntza lan guztiak eginda, eta Osasun Sailaren baimena jasota, egun gutxi barru berriz Erroizpeko urez hornituko dute Urdaiaga, Txokoalde eta Santuenetik Kaxkoko Kale Nagusirainoko eremua. Gainerako lekuetan, Añarbeko ura edaten segiko da, orain arte bezala.
10. hilobi lotearen gaineko eskubideen esleipena
Usurbilgo hilerri berrian eskainitako 10. hilobi lotearen gaineko eskubideak esleitzea erabaki du udalbatzak aho batez, astearteko osoko bilkuran. Guztira bi hilobi eta seina hilobiko bi panteoi.
Joan den otsaileko udalbatzarraren osoko bilkuran onartu zituzten, hilobion gaineko eskubideak emakida administratiboaren bidez esleitzeko betebeharreko baldintza juridiko, ekonomiko eta administrazio bereziak, lizitaziorako espedientea ireki eta eskabideak aurkezteko deialdia egitearekin batera. Martxotik apirilera, eskabideak aurkezteko hilabeteko epea izan zuten interesdunek. "Eskatzaile denak lizitazioan parte hartzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia aurkeztu dute, beraz, ez da inor baztertu. Esleipenak, panteoien kokapen ordena eta sarrera ordena jarraituz egingo dira".
Bide batez, Usurbilgo Udaletik berri eman zutenez, hilerri zaharra hustu du jada Udalak, eta itxi egin dute. "Hilerri izaera" galdu du jada. Osasun Sailaren baiezkoaren ostean, lur eremu honek "onespen guztiak ditu beste zerbait izateko" zioen alkateak astearteko osoko bilkuran.
2017ko Kontu Orokorra
Maiatza amaieratik 15 egunez alegazio epean egon eta inork erreklamaziorik aurkeztu ez duela ikusita, behin betiko onartu du udalbatzak astearte honetako osoko bilkuran, Usurbilgo Udalaren 2017ko Kontu Orokorra. Gehiengo osoz, EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ-k aurka bozkatu zuen eta PSE abstenitu zen. Gai honi lotutako espedientea, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari helaraziko dio Udalak, dagozkien azterketak egiteko.
Kiroldegiko igerilekuko lanen atzeratzeaz
Uda parterako iragarri arren, azkenean irailean aurreikusia Udalak, Oiardo Kiroldegiko igerileku txikia handitu eta irisgarri izateko lanei ekitea. Irailean hasi eta martxora bitarte luzatuko lirateke, EAJ-tik gai honi buruz eginiko galderei astearteko osoko ohiko bilkuran udal gobernu taldetik erantzun zietenez. Atzerapena lanak esleitzeko lehiaketak eragin du, deialdira ez baitzen inor aurkeztu. Horrez gain, hainbat enpresekin izandako hartuemanetan, proiektua berrikusi beharra ikusi dute, kostu estimazioa justu samarra zela antzeman ostean.
Abonatuei ekonomikoki konpentsatuko zaiela nabarmendu zuten azken plenoan. Lanen atzerapenak Foru Aldunditik jasotako diru-laguntzan eraginik ez duela izango ere argitu zuten. Laguntza honek obrak abendurako amaitzea eskatzen zuen. Azkenean, %80a aurreikusitako garai barruan jasoko da, gainerako %20a obrak amaitzean.
Espedienteen kudeaketa
Udalbatzak azken osoko bilkuran hartutako beste erabakien artean, Euskadiko Udalen Elkartearekin (EUDEL) eta Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearekin (HAEE) prestakuntza eta laguntza programan parte hartzeko izapideen eskuliburua egiteko atxikitze protokoloa onartu eta sinatzea babestu zuen udalbatzak aho batez.
Lehendakaritza aldaketa, batzorde informatzaileetako batean
Usurbilgo Udaleko Kultura, Euskara eta Gazteria Batzorde informatzailean lehendakaritza aldaketa gauzatu dute. Orain arte, Xuban Zubiria Elexpe zinegotziaren ardurapean zegoen sail hau. Ardura Alaitz Aizpurua Labaka zinegotziarengan eskuordetzea erabaki da dekretu bidez.