Jaietan kutsu politikoa alde batera uztea eskatu du Usurbilgo EAJ-PNVk

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 27a, 18:35

“Herriko festak guztionak direlako eta ez Ezker Abertzalearenak bakarrik”, hala dio EAJ-PNVko udal taldeak eta horregatik festetan kutsu politikoa alde batera uzteko eskatu du. “Berriro ere Santixabelak 2018 programak udaleko agintean dagoen alderdiaren kutsu politikoa darama. Egitarauaren arabera ez dirudi usurbildar guztiontzako jaiak direnik, nahiz eta guztion zergetatik ordainduak izan. Usurbildarrok gizarte anitza osatzen dugu eta pentsaera ezberdinekoak gara eta herriko jaiak guztion topaleku izan behar dute”, halaxe adierazi du talde jeltzaleak prentsa-ohar bidez.

EAJren iritziz “ bakoitzak baloratuko du egokia den hala ez jai egitarauaren barruan erraustegiaren aurkako manifestazioa eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantujira sartzea eta alderantziz, betidanik Santa Ixabel egunean bere ohorez ospatzen diren festetako meza nagusiari inolako aipamenik ez egitea”. Alderdi jeltzalearen esanetan, “ez du balio ekitaldi erlijioso bat dela esatea eta horregatik ez duela aipamenik festetako egitarau ofizialean eta gero ekitaldi politikoak sartzea”.

 

Zinegotzi jeltzaleak ez dira txupinazoan izango

Prentsa-ohar berean aditzera eman dutenez, zinegotzi jeltzaleak ez dira udaletxera agertuko txupinazoaren unean. Euren esanetan, “azken urteetan festen hasiera baino gehiago manifestazioaren amaiera bilakatzen delako. Dena dela gora Santixabelak! aldarrikatzeko eta topa egiteko aukerak eta giroak ez dira faltako”.