"LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortu eta Sexu Askatasunerako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Udalak. Bizi eta gozatu Santixabelak libre eta askatasunez!!", hortxe Usurbilgo Udalak jai hauei begira luzatu duen mezua gaur. Ostegun honek ekainak 28 ditu, Sexu Aniztasunaren Eguna da, oraindik betetzeke segitzen duten LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko eguna.
Usurbilgo Udalak egun hau oroitarazten duen zapia zintzilikatu du balkoian, txupinazoan ikusgai izango den erraustegiaren aurkako aldarriarekin batera. Gaurko egunaren testuingurua azaltzen duen idatzia helarazi dute EHGAM (Euskal Herriko Les-Gay Askapen Mugimendua) mugimendutik, Usurbilgo Udalaren bidez:
Ekainaren 28a
Aurten LGBTI+ pertsonen eskubideen aldeko 3. erreboltaren 49. urtemuga ospatuko dugu. Ekaineko azken asteburuan zehar izan zen gertakaria, New Yorkeko (AEB) Stonewall izeneko taberna-diskotekan.
LGBTI+ kolektiboaren aurkako indarkeriazko enfrentamenduak nagusiki transexualen eta New Yorkeko poliziaren artean izan ziren, maiz jasan behar izaten zuten txantai, hitzezko biolentzia, umiliazioen aurrean amore eman ez eta aurpegia eman ostean.
EHGAM-eko militanteentzako, Ekainaren 28ak, duintasunaren, askatasunaren, eskubide zibilen eta gure ikusgaitasunaren aldeko borroka irudikatzen du. Ez hemen, ez inon, inolako eraso motarik gabe bizitzea aldarrikatzen duen borroka da.
Guretzat ekintzarako egun bat da, gure herrietako kaleetara atera eta “Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen!” aldarrikatzekoa, duela 42 urte LGBTI+ fobien aurkako eta gure eskubideen aldeko borroka abiatu ostean.
Gure lanaren helburu izan ziren lehen unetik hedabideak. Gutaz, helarazten zituzten estereotipoekin amaitu nahi izan genuen prentsan, irratian, telebistan.
Garaiak aldatu direla argi dago. Hau 42 urteotan lortu dugu, erakunde, LGBTI+ ekintzaile eta eragile taldeek, inork ez digu ezer oparitu.
Ikusgaitasuna egun handiagoa eta hobea da, eskerrak. Gaur, hausnarketok inolako zentsurarik gabe irakur ditzakezue. Gure bizitzen errealitateak ikusi bezala adierazi ditzakegu, LGBTI+ pertsonen gisara, gure herrietan, konfiantza handiagoz.
Baina oraindik ez ditugu gure helburu guztiak bete. Ekai gogorarazi nahi dugu, eta kolektiboki pentsatu, transfobia gizon eta emakume transexualen eta haien senide lagun eta abarren arazo askoren eragile dela.
Zure burua epaitua ikusteak, txikitatik zorigaiztoko pertsonak egiten gaitu, bizitza hondatzen digute… LGBTI fobia ezabatzeko hezkuntza integrala defendatzen dugu, transbertsala, bizitza hasieratik. Milaka lagun izango gara, eraso, onarpen, eskubide eta askatasun faltaren aurrean, “aski da!” esaten zuten haiek oroitzera kalera irtengo garenak. Munduko 80 bat herrialdeetan gure sexu bereko pertsonak desio eta maite dugunoi edota generoa heteropatriarikatu-binariar fundamentalismotik kanpo bizi dutenei zuzendutako araudi errepresiboak dituztela ahaztu gabe. 9 herrietan heriotz zigorrera kondenatu gaitzaketela salatzen dugu.
Gure ekintzen esku dago orain nahiz etorkizunean LGBTI+ fobietatik libre egongo den Euskal Herrian bizi ahal izatea.
Gora Ekainaren 28a!
EHGAM
Oharra: Ekainaren 28an lazo bat jarriko du Udalak txupinazoaren ekitaldiaren eremuan.