Jada, ezinbestean "tradizioan" bilakatzen ari da usurbildarren artean kezka eta haserrea eragiten segitzen duten gaien isla izatea baita herriko festak ere. Aurtengoan ere, jada eraikitze lanak aurrerabidean diren honetan, erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu du Txosna Batzordeak ostegunerako (ekainak 28). 18:30etan abiatuko da, Mikel Laboa plazako txosnen eremutik. Kaxkoko kaleak zeharkatu ostean, udaletxe aurreko plazan amaituko da mobilizazioa, txupinazoa jaurtitzeko ekitaldiari hasiera emanez.
Gogoan izan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenak betetzen badira, hauek izan litezke, erraustegia eraiki aurreko Usurbilgo azken festak. Urtebete barru, garai honetan eraikia eta probetan izan dezakete Zubieta gaineko planta. Eta udazkenerako martxan izatea nahi dute.
Ondoko irudietan, "Erraustegirik ez! Ez gure izenean!" aldarripean, iaz jaien hasieran egin zen manifestazio jendetsua.