Sutegi erakusketen areto jai egunotan

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 28a, 11:53

Erakusketez josia izango da kultur etxe sarrerako espazioa datozen festa egunotan. Zirriborro Tailerrekoen sortze lanak eta Eguneko Zentrokoen eskulanak bisitatzeko aukera izango da. Eta erakusleihoan, adi, zuetako baten baino gehiagoren irudiak; “1984-2017 Santixabeletako argazki zaharren erakusketa”. Ordutegi honetan: egunero, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00-20:00 artean.

Guztira, azken hiru hamarkadetako 300-350 bat argazkiren bilduma osatu du ekimen honen antolatzaile Iñaki Agirresarobek, 3.000 iruditik gorako sorta zabalagotik aukeraketa egin ostean. Tratatu beharrak zeuden. “1984tik 2007ra artekoak denak negatiboetan nituen. Bere garaian negatibotik digitalera pasa nituen banaka”. Ez baita ahaztu behar, garai hartan ateratako hainbat argazki gaika bildu eta proiektatu izan dituela Sutegin; naturari lotutako irudi erakustaldia eskaini izan du herritarrak, baita Usurbilgo festei buruzkoa ere duela urte batzuk. Hango materiala baliagarria izan zaio erakustera doan bilduma honetarako.

Eraldaketaren erakusketa

Urtez urte, herriak, herritarrek eta jaiek izan duten itxuraldaketaz jabetzeko aukera izango da; garai bateko oroitzapenak berritzekoa. Ikustekoa izango da, nola aldatu den herria. “Garai batean plaza inguruan ospatzen ziren jaiak. Orain herria hazi eta festen eremua zabaldu da”, gogoratzen du Agirresarobek. Autoak Irazu kaleraino sartu, goitibeheren txapelketak ospatu edota oilasko biltzaileak bezalako ekitaldiak belaunaldi ezberdinen topaleku ziren garaiak ekarriko dizkigu gogora. Eta herritarrak noski. Zuetako bat baino gehiago ageriko zarete irudiotan, eta gainerakoak nor zareten asmatu nahian ariko dira ziur. “Ahalik eta esparru zabaleneko usurbildarrak azaltzea izan da irizpide nagusia”, adierazi dio NOAUA!ri Agirresarobek.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA