“Usurbildarrok, hemen ditugu Santixabelak. Iritsi dira herriko jaiak!”. Xabier Arregi alkateak hitz horiekin hasi du txupinazoa piztu aurreko hitzalditxoa. Udaletxeko balkoitik aritu da, gaztain erretzaileak eta EH Bilduko zinegotziak aldamenean zituela. Aurten ez da oposizioko ordezkaririk izan jaien hasierako ekitaldian. Jokin Eizagirrek Potxoenean ipini duen maskotarentzat izan da lehen erreferentzia. “Aurtengo festak oilo ipurdia jartzeko modukoak datozkigu. Ia ba: gandorrak tente, hegoak arin, ekin festari!”.
Txupinazoaren unean, festaren eta aldarrikapenaren agertoki bilakatu da udaletxeko plaza. Erraustegiaren aurkako manifestazioa udaletxe aurrean amaitu da eta alkateak keinu bat egin dio mobilizazio honi: “urte mugitua doakigu. Pentsiodunak batetik, Gure Esku Dagokoak bestetik... Gaur sexu eta genero askatasunaren aldeko LGTBIQ+ kolektiboaren eguna dugu. Bejondeizuela guztioi! Ez gara isilduko. Oihu egingo dugu plazan eta ozen esango dugu, sekula ez bezala: ez dugu erraustegirik nahi eta ez dugu erraustegirik behar!”. Azken esaldi honek plazan batu den jendea jarri du oihuka.
Espetxean direnak gogoan
Bestelako aldarrikapenak ere hartu ditu ahotan alkateak. “Gogoan ditugu kanpoan diren herritar guztiak, giltzapean dituztenak bereziki. Xua, Olatz eta Patxi, euskal presoak etxera!”, espetxean dituztenak ahaztu gabe. Parekidetasuna udal gobernuaren beste helburu garrantzitsu bat da eta hauxe nabarmendu nahi izan du txupinazoaren unean: “lasai eta libre gozatu nahi dugu herriko jaietan. Ez dugu inolako indarkeriarik edo sexu erasorik ametituko”.
Euskaraldiaren urtea izanik, euskaraz aritzeko deia egin die herritarrei: “dantzatu mingainak, prestatu belarriak eta egin euskaraz. Nonahi eta noiznahi, gu herri euskalduna gara eta egin dezagun euskaraz!”.
Gaztain erretzaileak aldamenean zituen eta haientzat izan dira azken hitzak: “Hauek dira herrigintzaren alderdi fresko eta ezinbestekoa. Biba zuek! Txipli, txapla, pun! Eman hasiera festari!”.
"Bertakoak izanda, ohore handi bat da"
Gaztain artean gusturago egoten dira mikrofonoaren aurrean baino. Dena den, urduri egonik ere, esker oneko hitz batzuk egiteko aukera izan dute. “Bertakoak izanda, ohore handi bat da. Eskerrik asko gu aukeratzeagatik”, esan du gaztainzaleetako batek. Hamabost urte egin dituzte gaztainak erretzen eta horrela jarraitzeko asmoa dutela azaldu du beste batek. “Ondo pasa Santixabelak!” oihukatu ondoren, suziria piztu dute eta orduan lehertu da festa.
Orbeldi Dantza Taldeak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak, dultzaineroek eta txaranga doinuek girotu dute festa hasiera.