Batzuk eta besteak, kalejira betean

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 29a, 20:12

Ez zen txokolatea hartzeko egunik onena, bero handia egin duelako gaur arratsaldean. Hala ere, ilarak sortu dira Sutegi ondoan ipini duten postutxoan. Jendea erruz hurbildu da, heldu eta gazte, bizkotxo eta txokolate bila.

Bien bitartean, Mikel Laboa plazako txosna gunean, Motxaila Elektrotxarangakoak noiz hasiko zain ziren gazte ugari. Bertsio ezagunak egiten dituzte eta bertaratu zaizkien entzuleak kantari ipini dituzte lehen kantutik hasita. Ondoren Antxeta ondoko plazara joan dira eta horrela osatu dute kalejira modukoa.

Gurasoek eta haurrek aldiz, erraldoi eta buruhandien bueltan pasa dute arratsaldea. Txokolatearekin hartutako indarrak ederki asko baliatu dituzte buruhandiengandik ihesi. Erraldoiak berriz, txistulari taldearen erritmoan aritu dira dantzan.

 

Trikitixa doinuak Artzabalen

Jai giroa ez zegoen soilik kaxko inguruan. Artzabalen, adibidez, Elustondo anai-arrebek fandangoak eta arin-arinak jo dituzte.

Gau partean, Bide Batez berbena taldearen txanda izango da. 23:00etan hasiko dira frontoia alaitzen. Eta hauen saioa amaitu ondoren, 2:00ak aldera, Rude Pride eta Eromeria taldeek luzatuko dute jaia txosnetan.