Txapelak, Idoia Etxeberria eta Nerea Sorondorentzat

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 1a, 14:17

Bi txapelketa jokatu dira gaur eguerdian. Euskal Herriko Harrijasotzaile Txapelketa batetik eta Aizkolari Txapelketa bestetik. Bietan emakumezkoak izan dira partehartzaileak. Harriekin eta enborrekin batera, beroa eta hezetasuna izan dituzte aurkari.

Harrijasotzaileek  hiru lan osatu behar izan dituzte. Hasi harri zilindrikoarekin hasi dira, kubikoari heldu diote ondoren eta amaitzeko harri borobila altxatu behar izan dute. Idoia Etxeberria aise nagusitu da hiru probatan eta berarentzat izan da txapela. Zilindrikoa 19 aldiz altxatu du Ortzaikako kirolariak. Kubikoa beste 19 alditan menperatu du eta harri borobilarekin 26 altxaldi egin ditu.

Karmele Gisasola izan da bigarren, 7, 4 eta 20 altxaldirekin, hurrenez hurren. Julia Martinez segoviarra izan da hirugarren, 5, 4 eta 17 altxaldi egin eta gero. Segoviarra izanik ere, Bizkaiko lizentzia du eta horri esker Euskal Herriko Txapelketan har dezake parte. Emakumezko zein gizonezkoen herri kiroletan ugaritzen ari dira Julia Martinezen moduko kasuak. Espainia aldean herri kirolak gero eta zaletu gehiago dituen seinale.

 

Gailurrean hartuko du erretiroa

Idoia Etxeberriak gaurkoa zuen azken txapelketa eta hitz batzuk egin ditu sari banaketa ekitaldiaren amaieran. Eskerrak emanez hasi du bere hitzalditxoa: "etxekoei eta urte hauetan onena opa izan didazuen guztioi eskerrik asko". Hamabi urte egin ditu plazan eta erabakia hartzea asko kostatu zaiola aitortu du. Agurreko adierazpenak hementxe dituzue:

Aizkolari Txapelketan, Nerea Sorondo nagusi

Aizkolari Txapelketa ere, ikusgarria izan da oso. Nerea Sorondoren botileroa oihu batean aritu da eta bere aholkuak eta animoak ez dira hutsalak izan. Sorondok tarte handiarekin ebaki ditu bost enborrak. Berako aizkolariak 20'03'' denboran osatu du bere eginbeharra.

Iturengoa da Maika Aristegi, bigarren sailkatu den aizkolaria. Lana betetzeko 24'24'' denbora behar izan du. Xanta Sousa lesakarrak osatu du podiuma; 25`10'' denborarekin amaitu du bere zeregina.