Jai giroan, etenik gabe

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 1a, 15:10

Gau eta egun, jai giroa etengabea da. Kaxko inguruan bereziki. Gaurko goizak askorako eman du. Dultzaineroek goizeko esnadeia jo eta gero, erraldoi eta buruhandien hirugarren topaketan hartu dute parte. Usurbilgo konpartsaren bidelagunak izan dira. Añorgako erraldoiak berriz, trikitilarien erritmora aritu dira. Zizurkilgo konpartsa etortzekoa zen baina azken orduan kale egin dute. Ordu beretsuan abiatu dira Azpeitiko zanpantzarrak. Batzuk eta besteak, kalejiran ibili dira goiz partean.

Herri kirolen eguna da gaurkoa. Emakumezkoen Euskal Herriko Harrijasotzaile Txapelketa eta Aizkolari Txapelketa jokatu dira Dema plazan. Iragarri baino ordu erdi lehenago hasi dira txapelketak. Bi saioek eman dutena ondoko albistean jaso dugu: Txapelak, Idoia Etxeberria eta Nerea Sorondorentzat. Arratsaldean, toki berean, idi-dema eta emakumezkoen giza-proba iragarrita daude.

Goizak eman duena jaso dugu ondoko bideoan:

Gaur arratsaldeko egitaraua:

16:30 Haur eta gazteentzako Santixabel Bola Txapelketa.

18:00 Arriketai Txaranga.

18:30 Herri-kirolak: idi-dema eta emakumezkoen giza-proba.

19:00 Patata tortilla lehiaketa txosnetan.

22:30 Bertsolariak frontoian: Jexux Mari Irazu, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Unai Iturriaga.

Jarraian, XLII. Santixabeletako bi bertsopaper lehiaketetako sariak.

00:00 Berbena frontoian: Laiotz.

02:30 Odolaren Mintzoa eta Rukula txosnetan.