Aurtengoan nabarmen, herritarrak izan ditugu jaietako gauetako protagonistak. Bart banatu zituzten Bertsopaper Txapelketako sariak. Jon Aizpurua Esnaolak irabazi du 42. Bertsopaper Txapelketa, "Ikusten ez diren kateak" bertso sortarekin. Iñaki Agirresarobe bigarren postuan. Zorionak! Egunotan zabalduko ditugu bertso sorta guztiak bere osotasunean.
Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaranen bertso saioaren ostean, eta Laiotz taldekoek eskainitako kontzertuaren aurretik ospatu zen sari banaketa. Laiotz aipatuta, estreinakoz kide berri bat du taldeak. Usurbildar bat, Manex Torrealdai Gorriti. Bart ikusi dugu lehen aldiz etxean, Laiotzekin, trikitia eskutan, bertaraturikoak dantza batean jartzen.
Herritar gehiago ere igo dira frontoiko oholtzara. Larunbat gauean, 5 urteko etenaldiaren ostean Mendeku Itxuaren itzuleraz gozatu ahal izan genuen. Ander Aizpuruak, Martin Larrañagak, Iñigo Rotetak eta Ixak Arrutik onena eman zuten oholtza gainean, frontoia leporaino bete zuten emanaldian.
Herriko musika talde gehiagoz gozatzeko aukera izaten ari gara jaiotan; Odolaren Mintzoa, Zaparra, Rukula... Eta gaur gauean, Larrian Gozo taldearen estreinako emanaldia, gauerditik aurrera!
Taldeka bakarrik ez, herriko musikariak batera ikusi genituen jaien hasieran, txosnako oholtza gainean, Altsasuko gazteen alde abesten. Ekainaren 28an ospaturiko Bertsio Gau mistoaren abiapuntua izan zen.
https://youtu.be/yTLmCylprOE
https://youtu.be/PUf2R1nZYfI
https://youtu.be/BG8O3TYGZ3U