Usurbilgo jaien biharamuneko urteroko irudia. Atsedenerako tarterik ez da herri honetan. Festak amaitu, eta Udajolas hasi. Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko udako aisialdi ekimeneko lehen eguna zuten gaur, eskaintza honetan izena emanak zeuden 4-12 urte arteko 192 haur eta gaztetxoek eta haien senideek. Uztailaren 27ra arte, kalean gora eta behera ikusiko dituzue begiraleekin batera, denetariko ekintza eta jolasetan parte hartzen.
Adi, abiatu berri den Udajolasi begira kontuan hartu beharreko ohar hauei:
Puntualtasuna
Ordutegia errespetatzea beharrezkoa da: 09:30-13:30 (Irteera egunetan: 09:30-16:30).
Haurrak frontoian utzi eta jasoko dira, kontrakorik esaten ez bada behintzat.
Funtzionamendua
-Haurren batek udalekutako ordutegian botikaren bat hartu behar badu, guraso baimena idatziz ekarri behar da.
-Etxera bidalitako oharrak errespetatu egin behar dira.
-Haurrek egunero hamaiketakoa ekartzea beharrezkoa da eta egun osoko irteera egunetan bazkaria eta hamaiketakoa. Hamaiketako eta bazkariari izena jartzea komeni da.
-Haurra udalekura bixera batekin eta krema emanda etorriko da.
-Haurrak beharrezkoa badu aldatzeko arropa ekarriko du.
-Haurrek etxetik ezin dituzte ekarri: jostailuak, dirua eta telefono mugikorra. Ekarriko balituzte, beraien ardurapean geratuko lirateke.
-Udalekuak amaitzen direnean udalekuen ebaluazio-orria pasako zaizue.
-Guraso bileretan parte-hartzea garrantzitsua da.
Kontaktua
-Beharrezko kasuetan bakarrik erabili: 943 360 321 (8:00-15:00).