Hasiera batean abisu horia indarrean jarriko zutela iragarri arren, alerta maila laranjara igo berri du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gaurko (uztailak 4), "prezipitazio handiagatik". Alerta laranjan izango gara asteazken honetan, 13:00-21:00 artean. "EAEko zenbait lekutan ordubetean 30 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait tokitan handiak edo oso handiak izan daitezke, eta txingorra ere bota dezake. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Trumoi-ekaitz bortitzenak ekialdean gerta daitezke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziatik.
Gauerdian, alerta laranjatik abisu horira igaroko gara eta hala jarraituko dugu ostegun goizeko 09:00ak arte. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke, bereziki kantauri isurialdean. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke", zehaztu du Euskalmet-ek.
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Uztailak 4, asteazkena
"Ezegonkortasuna handia izango da oso. Goizean goizetik aurreko egunetan baino lainotuago egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu han-hemenka. Hala ere, arratsaldean trumoi-ekaitzerako joera nabarmenagoa izango da, eta baliteke zenbait lekutan zaparrada handiak eta txingorra botatzea, eta haize bolada oso gogorrak izatea. Arratsalde-gauetik aurrera iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da. Tenperatura jaitsi egingo da, batez ere ipar isurialdean, oro har maximoak 25 ºC-ren azpitik geratuko dira ipar isurialdean, baina ia ez nabarituko jaitsiera; izan ere, eguerdian ostarte batzuk irekiko dira eta hezetasuna handia izango da egun osoan".
Uztailak 5, osteguna
"Ostegunean egonkortzera egingo du, baina euri pixka bat egingo du ipar isurialdean; bestalde, goizaldean eta goizeko lehen orduetan ez da baztertzen zaparrada mardulak botatzea kostaldean. Goizean lainotuta egongo da, batez ere ipar isurialdean eta euri txikia egingo du tarteka; arratsaldean hegoaldean giro eguzkitsua nagusituko da eta ipar isurialdean ostarteak irekiko dira. Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura jaitsi egingo da; ipar isurialdean gutxi, aldiz hegoaldean nabarmen, azken egunetako beroa arinduz".
Uztailak 6, ostirala
"Ostiralean ateri egongo da, trumoi-ekaitz eta euri kontuak atzean utziko ditugu. Hegoaldean eguzkitsu egongo da goizean goizetik. Ipar isurialdean eguna hodeipean hasiko dugu, baina arratsaldean pixkanaka garbitzera egingo du. Tenperatura maximoak igo egingo dira: kostaldean giro goxoa, 23-25 ºC arteko balioekin eta Ebro ibarrean 30 ºC-ra iritsiko dira".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus