2017ko azarotik 2018ko martxora bitartean, “Oinarrizko lanak ostatuetako pisuetan” izeneko ikastaroa burutu da Donostiako CEBANCen. Formazio ekintza honek kontratazio konpromisoa zuen, eta Beterri-Buruntza eskualdeko Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta edo Usurbil herrietan erroldaturiko eta, bereziki, kalifikazio baxukoei edo iraupen luzeko langabetuei zuzenduta zegoen. Parte hartu duten 15 ikasleen artean 13k lortu dute profesionaltasun ziurtagiria. Horietatik bederatzik kontratua sinatu dute sektoreko hainbat enpresekin. Beste laurak, sektoreko enpresetan ere, praktikak egiten ari dira.
2012tik daramate eskualdeko sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) elkarlanean, tokiko garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguko alorretan lan egiten. Lan honen emaitza da hizpide dugun ikastaroa. Josune Mujika Usurbilgo udal teknikariaren esanetan, eskualdeko prestakuntza gutxiko emakume langabetuei lan-munduan txertatzeko aukera eskaintzea da helburu nagusia.