Berrialagun kanpainaren udako zozketan parte hartzeko aukera, uztailaren 13ra arte

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 6a, 13:02

Oparo dator uda, herriko komertzio eta tabernetara. Usurbilen erosteagatik, guztira 1.300 euro irabazteko aukera izango da, uztailaren 16an egingo den zozketa berezi batean. Ekimena Berriak, Usurbilgo Udalak, Hurbilago Elkarteak eta Berrialaguna kanpainarekin bat egin duten ostalari eta merkatariek sustatu dute. 

Bi aste barru ospatuko den zozketan parte hartzeko egin beharrekoa erraza da; Usurbilen erosi, Usurbilen kontsumitu. Uztailaren 13ra arte, dendetan erosketak egiten diren bakoitzean boleto bat jasoko du bezeroak. Boleto hauek eskuratzen dituzten herritarren artean, 500 euroko bi sari banatuko dira uztailaren 16an. Bestalde, Hurbilago Elkarteak antolaturiko Tipi Tapa ekimenean pintxoak dastatzearen truke, tabernariek zigilatutako txartelaren bidez ere zozketa honetan parte hartu eta 300 euroko sari bat irabazteko aukera izango da.

Denok irabazle

Berriak 31 babesle ditu, 31 Berrialagun Usurbilgo establezimenduen artean. Kanpainan parte hartuz, Berria babestuko da noski. Halere, "helburua denok irabaztea da", zioen kanpainaren aurkezpen agerraldian Andoni Alvarez Berriako ordezkariak. Berriak, euskarak, Usurbilgo merkatari eta ostalariek eta herritarrek irabaziko dutela azpimarratzen dute. 

Berriaren komunitatea indartzen lagunduko du kanpaina honek. Berriaren babesle dira herriko 31 establezimendu, baita Udala ere. "Euskaraz informatua izatea euskaldunon eskubidea da, eta beste zenbait alorretan bezala hemen Berriak lan garrantzitsua egiten du eta eskertzekoa da", zioen Alaitz Aizpurua zinegotziak. Orain arte bezala, Berria babesten segitzeko konpromisoa adierazi du.

Kanpainaren berri izan eta berehala bat egitea erabaki zuen baita Hurbilago Elkarteak. "Oso aproposa eta egokia ikusten du", elkarteko ordezkari Juanjo Allurren esanetan. Aproposa herrian erosten duten herritar eta bezeroak sarituko dituelako eta Berrialagunen komunitatea indartzen lagunduko duelako. Positiboki baloratu du baita, Berriak 31 lagun izatea herriko establezimenduetan. 

Herri merkataritza sendotzeko deia

Kanpaina honen testuinguruan, kezka eragiten ari den gaia hartu duten ahotan. Irun aldetik hasi eta gure inguruetaraino eraikitzen ari edo aurreikusiak dauden merkataritza gune berrien edota dauden hainbat handitzeko proiektuak. "Irunetik hasita hona bitarte, 200.000 metro karratuko lur eremua bideratu nahi da izan proiektu berriak edo lehengoak berritzera, merkataritza gune handietara", gogorarazten du Alaitz Aizpurua zinegotziak. 

Esan beharrik ez da horrek zer nolako eragina izango duen herri mailako merkataritzan eta ostalaritzan, herri bizitzan eta euskararen presentzian. Horregatik, ekimen hau, "herriko merkataritza txikia bultzatzeko ere baliagarria izango da eta baita euskararekin lanean aurrera jarraitzeko ere". 

Ildo beretik mintzatu da Juanjo Allur. Aurreikusiak dauden merkataritza gune handien proiektu berriek edo daudenen handitzeak, egun zabalik direnekin batera "mehatxu zuzena dira herri merkataritzarentzat, herrietako kale bizitzarentzat". 

Berriak lagunak behar dituen moduan, Allurrek dioenez, "Usurbilgo merkataritza eta ostalaritzak herri merkataritza gertu sentitzen duen komunitate baten beharra du". Hau da, merkatari eta ostalarien eta ahalik eta herritar multzo zabalenaren beharra. "Ea herri merkataritzaren aldeko apustu hori egiten den eta eredu hori gertukoa sentitzen dutenen komunitate bat osatzen dugun guztion artean. Eraiki dezagun komunitate hori".

OLYMPUS DIGITAL CAMERA