Urtebeteko atzerapena, erraustegirako gasa sartzeko gaur hasi dituzte lanetan

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 9a, 13:00

Udaletik ohar bidez gogorarazi duten moduan, urtebeteko atzerapenarekin hasi dituzte gaur Usurbilgo lurretan, erraustegirako gasa sartzeko lanak. "Prozesua luzea izan da, Udalaren aldetik jarritako ukapenak eta baldintzak izan direlako", adierazi dute.

Ohar bidez oroitarazten dutenez, tarte honetan guztian, lanok egiteko baimena ukatu du Usurbilgo Udalak "aurreikusitako trazaketa ez zelako egokia. Ondoren, herritarrei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko moduko neurriak eskatu ziren, beti ere segurtasuna bermatuz".  

Urtebeteko prozesuaren ostean gaur hasitako obrak hiru fasetan gauzatuko dituztela berri eman du Usurbilgo Udalak, "herritarrei ahalik eta kalte txikiena eragiteko". Zehaztu dutenez, "Amiri eta Urteagako baserrien arteko zatia egingo da lehenik; gero, Urteaga eta Ermotegi baserrien artekoa; eta, azkenik, Ermotegitik Santueneako sarrera artekoa", zehaztu dute.

Iaz urte garai honetan egindako obrak eta gaur hasitakoak, Zubieta gainean eraikitzen ari diren erraustegia eta gainerako azpiegiturak hornitzeko baliatuko da.